Udal aurrekontua egokitzeko parte hartze prozesua zabalik dago
Martxoaren 15era bitartean udal aurrekontua egokitzeko herritarren iritzi eta ekarpenak jasoko ditu Gernika-Lumoko Udalak.
Beste urte batez, udal aurrekontua egokitzeko herritarren iritzi eta ekarpenak jaso gura ditu Gernika-Lumoko Udalak, eta proposamenak jasotzeko parte hartze prozesua zabaldu du udalaren webgunean –www.gernika-lumo.eus–. Ekarpenak egin nahi dituzten herritarrek martxoaren 15era arteko epea izango dute parte hartzeko.
Udalaren webgunean inprimaki bat jarri dute herritarren eskura, eta behin inprimakia beteta, posta elektronikoz bidali beharko da partaidetza@gernikalumo.eus helbide eletronikora edota udaletxeko Herritarrentzako Arreta Zentroan (HAZ) aurkeztu ahalko da.
Orain dela 12 urte jarri zuen martxan udalak herritarren parte hartze prozesua, alkateak auzoz auzo egiten dituen bisitekin. Azken urteetan, baina, batzar horien osagarritzat aurkeztu dute inprimaki bitartez egiteko parte hartze prozesua. “Prozesua herritarrek egiten dituzten proposamenak jasotzean datza, ondoren udalak aztertu eta bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertuko duelarik”, azaldu du udalak. Egokitzat jotzen diren ekarpenak udal aurrekontuaren zirriborroan sartuko dira gero.
Gernikan erroldatutakoek. Udal aurrekontuak osatzeko proposamenak Gernika-Lumon errondatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek egin ahal izango dituzte.
Udalaren erakunde erregistroan izena emanda duten erakunde edota elkarte, fundazio, sindikatu, enpresa, elkarte, elkargo profesionakl zein herri erakundeek parte hartu ahal dute, “betiere izaera juridikoa izan eta udalerrian egoitza iraunkorra badute”.
Udalak jakinarazi du ekarpen guztiak interes orokorrekoak izan beharko direla. Interes partikularren gainetik, interes orokor eta gizarte onura duten proposamenak onartuko dituelako, eta inolaz ere legez kanpokoak, iraingarriak edota baztertzaileak direnak.