Oinezkoei lehentasuna emateko, San Juan kalea urbanizatuko dute berriro
Lanak bihar hasiko dira, eta 282.525,33 euroko kostua izango dutela aurreratu du Gernika-Lumoko Udalak.
Gernika-Lumoko Udalak hiribilduko kaleak eta plazak hobetzeko planagaz jarraitzen du, oinezkoentzako herri “atsegin eta eroso” bat izaten jarraitzeko asmoz. Hori horrela, Andra Mari eta Barrenkale kaleen ingurua hobetu eta Don Telloko iriste erraztasuna hobetu ondoren, San Juan kalea urbanizatuko dute berriro.
Jose Maria Gorroño alkateak adierazi duenez, bihar hasiko dira lanekin: “Bihar hasiko dira udalerriko arteria nagusietako bat berriro urbanizatzeko lanak, bertatik dabiltzan oinezkoen eta ibilgailuen fluxua handia baita”.
Zehazki, San Juan kaleko 2.082 metro karratuko azalera duen Ocho de Enero eta Don Tello kaleen arteko tarteari eragingo diote lanek. Hain zuzen ere, Ocho de Enero kaletik San Juan Ibarra plazarazko bidegurutzean, errodadura eremua goratuko da, espaloiaren maila berean kokatu arte. Asfalto inprimatu bat ere jarriko dute, harrizko galtzada imitatuz. “Hori eginda, pasabide hori oinezkoentzako lehentasunezko gune bihurtuko da. Gainera, ibilbidearen altuera desberdintasunak ezabatuko dira, merkatuaren eta San Juan Ibarra plazaren arteko iriste erraztasuna hobetuz, eta Fernando Abaunza, Elvira Iturri eta Domingo Bernaola kaleekin multzo bat sortuz”, azaldu du alkateak.
San Juan eta Don Tello kaleen arteko bidegurutzean asfalto inprimatua duen plataforma goratu bat ere egingo da, espaloien eta oinezkoentzako pasabideen artean dagoen desberdintasuna kenduz eta irisgarritasun-baldintzak hobetuz. Bidegurutze horretan bertan, espaloien zabalerak aldatuko dira oinezkoentzako pasabideak dauden eremuetan, bai eta biratzeko erradioak ere, “autobusak errazago igaro ahal izateko”. San Juan kaleko zeharkako sekzioa ere aldatuko da, kalearen bi aldeetako espaloiak zabalduz. Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkaleku bat eta motorrentzako gune bat jarriko dira, eta lehendik dagoen neurri bereko edukiontzietarako mugatutako eremu bat errespetatuko da, bai eta zamalanetarako eremu bat ere. Lanokin amaitzeko, dagoen argiztapena berrituko da.
Jarduera hauen aurrekontua 282.525,33 eurokoa izango dela jakinarazi du udalak, eta hiru hilabetetan egitea aurreikusi dute.