Ernai: "Ez ditugu zapatuko irudiak berriro bizi nahi gure herriko kaleetan"
Gazteak "kriminalizatzeari" uzteko eskatu zuten barikuan Gernikan. Manifestazio osteko prentsaurrekoan Ertzaintzaren "jarrera oldarkorra" salatu zuten.
Gazteak “kriminalizatzeari” uzteko eskatu zuten barikuan Gernika-Lumon. Ernaik deituta, mobilizazioa egin zuten udalerriko kaleetan zehar, otsailaren 20an udalerrian gertatutakoa salatzeko. Manifestazio osteko prentsaurrekoan Ertzaintzaren “jarrera oldarkorra” salatu zuten.
“Ertzaintzaren jarrera oldarkorra izan zen, indar erakustaldi lotsagarria. Birusaren hedapena gelditzeko aitzakipean pilotakadak botaz eta zuzenean bertan zegoen jendeari jotzeko asmoz agertu ziren ertzainak, inongo abisu edo neurri barik”, azaldu zuten Ernaiko kideek. Erantzun hori gazteriaren “kriminalizazio eta seinalaketa” modura ulertu dute, eta birusaren “kudeaketa eskasa estaltzeko modua” dela salatu zuten bariku iluntzean.
“Ez ditugu zapatuko irudiak berriro bizi nahi gure herriko kaleetan. Polizia armatuak gazteon kontra foam pilotakadak jaurtitzeak, beldurra eta ezinegona zabaltzea baino ez dakar. Basakeria poliziala. Horregatik, gazteoi dagokigu kalera irtetea, gure oinarrizko eskubideen eta askatasunen defentsan. Argi utzi gura dugu aurrean izango gaituztela, eta ez dugula horrelako beste erasorik onartuko”, argi utzi zuten Ernaikoek. “Utzi bakean Gernika eta inguruko gazteak. Ez zaituztegu gura eta ez zaituztegu behar”.
Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, gertatutakoaren irakurketa egin zuen, eta gertatutakoa “antolatutako ekintza” zela esan zuen, “herrian ezegonkortasuna eta nahasmena eragiteko”. Horren aurrean, Ernaikoek azaldu zuten, dagoen estrategia bakarra aipatutako “gazteen kriminalizazioaren eta seinalaketarena” dela.
Ernaik jakinarazi duenez, zaurituez gain, “gutxienez 5 gazte” ikertzen ari da Ertzaintza. Eta hori “disziplinizazio” nahia dela uste dute: “Datorkigun krisi ekonomikoaren aurrean, aurkako erantzunak sihestu gura dituzte, beldurra eta inpotentzia zabalduz. Inoiz argi egon ez bada, orain argiago ikus daiteke inpunitate osoz jokatzen duen poliziak zer funtzio duen sistema kapitalistan: status quoaren indarkeriaren eta beldurraren bidezko defentsa, kasu honetan, EAJren ardurapean”.