Photokaren Urdaibai
Photoka Gernika-Lumoko argazkilaritza elkarteak aukeratutako 30 argazki ikusi daitezke Ekoetxea Urdaibaiko 'Urdaibai Photokaren begietatik' argazki erakusketan.
Urdaibai Biosfera Erreserbaren bihotzean dago Ekoetxea Urdaibai. Inguruko balio natural eta kulturalen kontserbazioa, natura, biodibertsitatea… ezagutu daitezke bertan. Urdaibai gehiago ezagutzera eman asmoz, oraintsu zabaldu berri duten aldi baterako erakusketaren gaia ere Urdaibai da. Oraingoan, hala ere, Photoka Gernika-Lumoko argazkilaritza elkarteko kideen eskutik ezagutu ahalko da.
Izan ere, Urdaibai Photokaren begietatik izeneko erakusketa bisitatu daiteke Ekoetxean. Azaldu dutenez, 30 argazki inguruz osatutako erakusketa da, eta hiru hilabetez ikusgai egongo da, maiatzaren 16ra arte, hain zuzen ere. Erakusketa, gainera, doan bisitatu daiteke.
Ekoetxea Urdaibaiko arduradunek azaldu dutenez, argazki erakusketaren helburua da Urdaibai moduko ingurune natural “pribilegiatu” baten aniztasuna erakustea: “Fauna, flora, arkitektura, paisaiak, bertako pertsonak, sentsazioak, kolorea, argia eta sentimenduak aurkezten dira argazkietan. Naturarekiko eta Urdaibairekiko grina da batzen gaituena”.
Modu horretan, Urdaibai Biosfera Erreserbako leku desberdinak ikusi daitezke erakusketan. 35 bazkide inguruk osatzen dute Photoka elkartea. Horietako hamazazpiren argazkiak dira erakusketan ikusi daitezkeenak.
Gehienak, artxibokoak. Ekoetxea Urdaibaiko programa eta zerbitzuetako arduradun Roke Perez-Agoteren deia jaso zuten erakusketa jartzeko. Hala, elkartean zabaldu zuten ideia, eta Photoka elkarteko bazkide Iñaki Unamunok dioenez, elkartea osatzen duten 35 bazkideetatik hamazazpik esan zuten erakusketan parte hartu gura zutela: “Hala, bazkideetako batzuek argazki bakarra daukate erakusketan, eta beste batzuek, berriz, bi. Zozketa baten bidez erabaki genuen”.
Dioenez, gaur egun dauden murrizketengatik ez dute posible izan bereziki erakusketa horretarako argazkiak ateratzea. Hortaz, gehienak, bazkideen artxiboko irudiak dira.
Photoka elkartearentzat Busturiko Ekoetxea Urdaibain erakusketa jartzea “aukera polita” dela dio Unamunok: “Guretzako pozgarria da Ekoetxeak gu kontuan edukitzea bere programazioaren parte izateko. Oraindik mugikortasuna baldintzatuta badaukagu ere, zentroak bisita ugari izaten ditu, eta gure lana erakusteko aukera daukagu”.
Aipatu zentroan erakusketa bat jartzen duten lehenengo aldia bada ere, Ekoetxeakoekin beste mota bateko lanak egin izan dituztela azaldu du: “Iaz, pandemiagatik, ez genuen ezer egin, baina aurrekoetan bai egin izan ditugu argazkiak paduretara egiten diren bisitaren batean. Beste alde batetik, elkartetik urtero argazki lehiaketa bat antolatzen dugu, eta banatzen dugun sarietako bat Ekoetxea Urdaibaik emandakoa izaten da”.