Osakidetza bihar hasiko da 100 urtetik gorakoei txertoa ematen
Txertoa emateko zehaztu dituzten Bizkaiko osasun zentroetako bat da Gernikako ospitalea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 100 urtetik gorako 1.800 pertsona daude, eta horiei joan den astean eman zieten txertoa hartzeko txanda.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, bihar [eguaztena, otsailak 24] hasiko dira 100 urte edo hortik gora duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 1.800 herritarrei txertoa jartzen. Zehaztu dutenez, joan den astean eman zieten txanda. 25 txertaketa gune zehaztu dituzte, eta txertaketak arratsaldeetan egingo dituztela esan dute, baita asteburuetan ere.
Hasiera batean 80 urtetik gorakoekin hasiko zirela esan zuten. Baina 80 urtetik gorakoen kolektiboa oso zabala dela gaineratu zuten gerora: 160.000 herritar baino gehiago. Hori dela eta, txertoa adin tarteen arabera mailakatuko zutela eta zaharrenetatik hasiko zirela esan zuten. Horregatik, txertoa hartuko duten lehendabizikoak 100 urte eta hortik gora dutenak izango zirela argitu zuten.
Esan dutenez mailaz maila egingo dituzte txertaketak: “Dosiak eta zitazioak txandakatuko ditugu”. Iriste erraztasuna bermatzeko lurralde bakoitzeko gune bat finkatu dute, eta adinekoak gune horietara ibilgailuan joan ahalko direla esan dute. “Txertoa ibilgailutik irten gabe emango zaie. Donostia Ospitalean, Santiagoko Ospitalean (Gasteiz, Araba) eta Mungiako osasun zentroan (Bizkaia) egongo dira gune horiek. Praktika hori eraginkorra bada, aurrerago gune gehiago ezartzea baloratuko da”.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gogorarazi du Osakidetzak deituko duela hitzordua emateko eta txertoa non eta noiz hartu zehazteko. “Ahal dela, osasun zentroan jarriko da txertoa. Zehaztutako guneetara joateko zailtasunak dituztenen kasuan, Osakidetzako profesionalak etxebizitzetara joango dira. Hurbiltasun eta ekitate kontua da. Hala ere, ahal dela, txertaketa guneetako aurrez aurreko txertaketa kudeatuko da, dosiak manipulatzea delikatua delako eta ezin delako bat bera ere alferrik galdu”.
Txertaketa egiteko guneak. (*) Oharra: iriste erraztasuna bermatuko duten guneak
- ARABA:
- ARABAKO ESI-a: AUO Santiago (*)
- ARABAKO ERRIOXAKO ESI-a: Lezako ospitalea
- BIZKAIA:
- BARAKALDO-SESTAOKO ESI-A: Sestaoko, Barakaldoko eta La Paz osasun zentroak
- BARRUALDE-GALDAKAOKO ESI-A: Gernikako ospitalea; Galdakaoko, Basauriko, Laudioko eta Durangoko osasun zentroak.
- URIBEKO ESI-A: Urdulizko ospitalea eta Mungiako osasun zentroa (*)
- BILBAO-BASURTOKO ESI-A: Begoñako osasun zentroa.
- EZKERRALDEA-ENKARTERRI-GURUTZETAKO ESI-A: Buenavistako eta Kabiezesko osasun zentroak.
- GIPUZKOA:
- DONOSTIALDEKO ESI-A: Donostia ospitalea (*), Bengoetxea EAG eta Zarauzko DYA gela.
- GOIERRI-UROLA GARAIKO ESI-A: Zumarragako ospitalea eta Azkoitiko osasun zentroa.
- TOLOSALDEKO ESI-A: Tolosako osasun zentroa.
- DEBAGOIENEKO ESI-A: Arrasateko ospitalea.
- BIDASOAKO ESI-A: Irungo osasun zentroa.
- DEBABARRENEKO ESI-A: Eibarko eta Mendaroko ospitaleak.