Bermeo Blu European Festival jaialdiaren sei egoitzetako bat da
Europar Batasunak sustatutako jaialdiak arrantza komunitateen kultura-nortasuna zabaldu gura du. Eguenetik domekara bitartean izango da jaialdia, eta sarean jarraitu ahalko da.
Europar Batasunak sustatutako Blu European Festival jaialdiaren lehenengo aldiaren egoitzetako bat izango da Bermeo. Sei egoitza aukeratu dituzte jaialdia aldi berean egiteko; Bermeogaz batera, Viana do Castelo (Portugal), Gallipoli (Italia), Herceg Novi (Montenegro), Durres (Albania) eta Pyrgos (Grezia) ere aukeratu dituzte. Jaialdia eguenean hasiko da, eta domekara arte luzatuko da. Osasun egoerak hala behartuta, egitaraua sarean eskainiko dute.
Europar Batasunak Cosme programaren bidez sustatu eta finantzatutako ekimena da. Proiektuak arrantza komunitateen kultura-nortasuna zabaldu gura du produktu tematiko berritzaile baten bidez. Produktu horrek Europako itsas paisaiekin, arrantza kulturarekin eta arrain-sukaldaritzaren tokiko tradizioekin lotutako jarduera ugari biltzen ditu formatu komun batean.
Bermeon, Bermeo Tuna World Capital (BTWC) elkarteak koordinatuko du ekitaldia. Gaur goizean aurkeztu dute jaialdia Arrantzaleen Museoan egindako prentsaurreko batean. Gogorarazi dutenez, Bermeok itsasoari eta arrantzari lotutako tradizio luzea du. Bere historia, kultura eta jarduera ekonomikoa beti itsasoari lotuta egon dela azaldu dute: “Duela mende asko bere portutik abiatzen ziren balea arrantzale ospetsuetatik hasi eta gaur egun herrian egoitza duten kontserba enpresa ugarietaraino”.
Erakusleiho “aparta”. Bermeoko alkate Aritz Abaroaren ustez, ez da kasualitatea Bermeo aukeratu izana jaialdi honetako egoitzetako bat izateko: “Jaialdiaren helburuetako bat arrantza komunitateen kultura nortasuna zabaltzea da, eta gura nortasuna eta kultura erakargarriak dira”. Nazioarte mailan jaialdia Bermeorentzako erakusleiho “aparta” izango dela uste du.
“Bermeo ezingo litzateke itsasorik barik ulertu. Kresala barruan daramagu bermeotarrok, eta horrek izateko, egiteko eta esateko modu propioa eragin digu. Esango nuke Bermeo bost zentzumenekin bizitzeko eta gozatzeko moduko herria dela”, adierazi du alkateak.
Abaroaren iritziz, Blu European Festival Europak Bermeo gehiago ezagutzeko “aukera paregabea” da; “Bermeo Europan eta mundu mailan kokatuko du”. Ziur dago, gainera, Bermeok eta bermeotarrek “etekinik onena” aterako diotela aukera honi.
Egitaraua sarean. Ignacio Serrats Bermeoko Tuna World Capital elkarteko presidenteak azaldu duenez, hasiera batean jaialdia herriko gastronomiaz eta kulturaz gozatzera bideratutako jarduera parte hartzaileen ekitaldi modura planteatu zen, herrikoentzat zein bisitarientzat. Jaialdiaren barruan jarduera gastronomikoak, bisita birtualak, ihes joko bat, familia tailerra, hitzaldiak, erakusketa… egongo dira aukeran.
Egungo osasun egoeraren ondorioz, hala ere, erakusketa ez den gainontzeko egitaraua sarean eskainiko dutela azaldu dute. Bermeo Tuna World Capital elkartearen eta jaialdiko kideen sare sozialen bidez jarraitu ahal izango dira jarduerak, baita Blu European Festival jaialdiaren webgunearen (www.bluefestival.eu) eta sare sozialen bidez ere.
Jaialdiaren formatua “beste era batekoa” izango bada ere, “primeran disfrutatzeko” aukera egongo dela dio Bermeoko alkateak: “Sarean bada ere, egitarauagaz bat egiten dutenek, Bermeoko gastronomiaz, kulturaz eta nortasunez disfrutatzeko aukera edukiko dutela seguru nago”.
Egitaraua egunez egun
Bihartik barikura
Argazki erakusketa. 17:00etatik 20:00etara San Frantzisko elizako klaustroan. Erakusketan, Blu European Festival jaialdiak antolatutako itsas eta arrantza sektoreko nazioarteko argazki lehiaketa irabazi dutenen argazkiak ikusi ahalko dira.
Etzi, eguena
Bisita gidatua. 17:00etan, Arrantzaleen Museotik. Akurio eta Elkano 1519-1522. Bizkaitarrak Lehen Mundu Biran erakusketara bisita gidatua Xabier Armendariz komisarioaren eskutik.
Hitzaldia. Ekonomia zirkularra. 16:30ean, sarean. BTWC elkarteak AZTIrekin batera sustatu duen itsasoan aurkitutako sareak birziklatzeko Saretu proiektuari buruz ariko dira.
Barikua
Hegaluzea eta txakolina. 17:00etan, Zallotik. Hegaluzea txakolinarekin uztartzeko saioa Martin Lucas sukaldariarekin eta Jon Andoni Rementeria sumilierrarren eskutik. Hiru pintxo desberdin egingo dituzte, prestaketa desberdinagaz.
Zapatua
Showcooking-a Cannon. 13:00etan, Cannon jatetxetik. Hegaluzea Bermeoko erara prestatuko dute.
Neskatilak eta sareginak. 17:00etan, Arrantzaleen Kofradiatik. Ontzietako lehorreko langileek bisita gidatua eskainiko dute Arrantzaleen Kofradiatik, eta baxurako ontzientzat urteetan egin duten lana azalduko dute, baita emakumeek arrantzaren sektorean izan duten garrantzia ere.
Ihes gela-Bermeo Fishing Town. 18:30ean, Topa Bermeoren eskutik. Bermeoren itsas esentzia ezagutzeko aukera eskainiko du, jokoan eskaintzen diren ibilbide eta jardueren bidez.
Domeka
Familia tailerra- Itsas mozorroa. 11:00etan, Arrantzaleen Museotik. 4 eta 10 urte bitartekoentzat. beharrezko materialak aurretiaz jakinarazi dituzte etxetik parte hartu ahal izateko.
Hitzaldia: Innovathon. 11:00etan, sarean. Innovathon Bermeo 2020 irabazi duen taldearen hitzaldia.