Gereziondo bat landatu dute COVID-19agatik hildakoen omenez
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek bermeotarrei emandako gereziondoa da Bermeoko Herri Babesak landatu duena.
Aritzatxu bidean, San Martin errekaren zubiaren ondoan landatu dute gereziondoa. Hain zuzen ere, COVID-19agatik hildakoak gogoan izateko zuhaitza da landatu dutena, bai eta gaitzagatik txarto pasatu dutenak ere. Bermeoko Herri Babeseko boluntarioek hartu dute gereziondoa landatzeko ardura. Zuhaitza joan den astean landatu bazuten ere, boluntarioak zapatu goizean joan ziren gunera, lanak amaitzera.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek bermeotarrei emandakoa da gereziondoa; abenduan egon ziren pailazoak Bermeon, Amaren Intxaurrak ikuskizunagaz, Artza frontoian. Gereziondoaren ondoan, gainera, dohaintzaren berri ematen duen kartel bat jarri dute.
Herri Babesatik jakitera eman dutenez, otsailaren 15era arte, Bermeon 23 ziren COVID-19agatik hildakoak.