Denboraldiko lehen fasea lidergoan amaitu dute basurdeek
Ohorezko B Mailako taldeek lehenengo faseko azkenengo jardunaldia lehiatu dute asteburuan. Denboraldi honetako orain arteko partidu guztiak irabazi ditu Gernika Rugby Taldeak, eta A multzoko lider amaitu du lehenengo buelta. Bigarrena bi aste barru hasiko dute sailkapeneko lehenengo seirek, eta bihar egingo dute egutegia zehazteko zozketa.
Denboraldi erregularreko azken neurketa jokatu dute Ohorezko B Mailan (11. jardunaldia), eta Gernika Rugby Taldeak 0-57 irabazi dio La Unica Rugby Taldeari, Iruñean.
2020-2021 denboraldia ezin hobeto doa basurdeentzat, ligako partidu guztiak irabazi dituzte. Denboraldiko lehen fase hau, A multzoaren ligergoan amaitu du, 52 puntugaz. Hernani CRE bigarren sailkatuak 47 puntu pilatu ditu. “Gure helburua hori izan da, eta lortu dugu. Jende berria etorri denez, taldea ondo osatzea eta astero-astero partiduak irabaztea zen helburua. Oraindik lana daukagu, baina bide onean goaz”, adierazi du Eduardo Maidagan Gernika RTren entrenatzaileak.
Denboraldiko lehenengo zatia amaituta, datorrenaren bidea markatuko duen biharko zozketari begira daude orain basurdeak; 12:00etan egingo dute zozketa. Bi aste barru, martxoaren lehenengo asteburuan hasiko dute bigarren buelta sailkapeneko lehenengo sei sailkatuek. Bihar jakingo dute bigarren fase horren egutegia. Gernika RTk bi partidu jokatuko ditu Urbietan, eta hiru kapoan.
Gernika-Lumoko taldearen helburua lehenengo amaitzea izango da: “Ea Espainiako sailkapen nagusian lehenengo geratu ahal dugun, horrela play off-etan zelaiaren faktorea gure alde izango dugu. Momentuz bigarren goaz, La Vilaren atzetik; bi taldeak berdinduta gaude”. Hain zuzen, Ohorezko B mailan hiru multzo daude, eta CR La Vila B multzoko liderra da.
Zapatuko partidua. Talde nafarrak eta bizkaitarrak zapatu arratsaldean jokatu zuten Iruñean. Gernikak hamabostekoan zenbait aldaketa egin zituen. Indartsu zelairatu ziren basurdeak. Bosgarren minutua bete aurretik Jokin Eskolarrek lehenengo entsegua lortu zuen.
Basurdeak nagusitasunez aritu ziren, eta atsedenaldirako markagailuan tarte polita lortu zuten. Neurketaren hasiera ona izan bazuten ere, jokoaren una batzuetan La Unicak eskaini nahi zuen jokoan erori ziren, eta horrek, besteak beste, zenbait baloi galtzea eragin zien. Kostata bada ere, pixka bat baretuta, berdegunean beraien jokoa berresartzeko gai izan ziren. Eskolarrenaz gain, Jon Aboitizek, Siyabonga Masukuk eta Facundo Lamasek entsegu bana egin zuten. Hortaz, lau entsegugaz, 0-24 amaitu zuten lehenengo zatia.
Lehenengo zatian gertatu modura, bigarren hasi eta bost bat minutu beteta, Agustin Tomas Verolik Gernikaren bosgarren entsegua lortu zuen. Horren atzetik, eta epaileak neurketaren bukaera adierazi bitartean, beste lau entsegu burutu zituzten basurdeek (bi Juan Bautista Arranzek, eta beste bi Luciano Nicolas Altabek).