Arratoien populazioa kontrolatzeko sistema berritzaile bat jarri dute Bermeon
Herriko estolderian instalatu dute sistema berria, arratoien populazioa modu eraginkorragoan, selektiboagoan eta jasangarriagoan kontrolatu ahal izateko.
Bermeoko Udalak arratoien populazioa kontrolatzeko “sistema berri eta berritzaile” bat instalatu du udalerriko estolderia sisteman.
Udal arduradunek azaldu dutenez, sistema “inteligente” bat ezarri dute herriko hainbat lekutan. Horri esker, arratoien populazioaren kontrola modu eraginkorragoan egin ahal izango dela diote eta, batez ere, garbiagoan, ez baitu inolako pozoirik erabiliko. Hala eta guztiz ere, sistema berria orain arteko kontrol metodoekin uztartuko dela jakitera eman dute.
Bi gailu instalatu dituzte herriko estolderian. Arratoiren bat bertan sartzen denean, sistemak sentsore ezberdinei esker antzeman egingo dituela azaldu dute, eta hori egindakoan, arratoiak hilko ditu, metalezko pieza batzuekin zapalduta. Hildakoan, estoldako urek animalia eramango dute.
Modu horretan, “indarrean dagoen araudia betetzeaz gain, sistema horrek ez du inolako pozoirik erabiliko“. Egindako aldaketa horri esker, arratoien populazioa modu eraginkorrean, selektiboan eta jasangarrian egin ahal izango dela ziurtatu dute udal ordezkariek.
Monitorizatuta. Sistemak animalia harrapatu eta hiltzen duenean, abisua emango du, eta ordua eta tokia zehaztuko ditu. Ordenagailu bidez informazio horiguztiori etengabe monitorizatu ahal izango da, eta arratoi gehien dauden lekuak askoz ere hobeto identifikatu ahalko dira. “Sistema instalatuta dagoen tokian arratoi gutxi hiltzen direla ikusten baldin bada, leku horretan izurriterik ez dagoela ziurtatuko da, eta inolako arazorik gabe tokiz aldatu ahal izango da, behar den tokian instalatuz”, esan dute.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak azaldu du araudiak “garbi” dioela arratoien populazioa kontrolatzeko pozoiak alde batera utzi behar direla apurka-apurka. Instalatu den sistema “garbia” dela esan du, eta “eraginkorragoa”. Momentuz, herriko bi puntutan instalatu dituzte aipatu sistemak, eta datuak ikusita, “beharraren arabera mugituko dituzte”.