Bermeoko Udalak hizkuntza lankidetzarako emandako laguntza eskertu dute
Azken bi urteetan, Bermeoko Udalaren diru laguntza Guatemalako Ruku'x' Qatinamit eskola sarea indartzeko erabili da, eta handik, esker ona adierazteko bideo bat bidali dute.
Sasoi zailean ere, Bermeoko Udalak hizkuntza lankidetzaren aldeko hautua berretsi du. Jakitera eman dutenez, udalak bost urte daramatza hizkuntza gutxituen biziberritze proiektuak babesten. Orain, Guatemala aldetik esker ona adierazteko bideo bat jaso dute; kaqchikel hizkuntzaren biziberritzean udalak egindako ekarpena eskertu gura izan dute hango bizilagunek. Bideoa Bermeoko Udalaren sare sozialetan edo www.bermeo-euskaraz.eus webgunean ikusi daiteke.
2016. urtetik gaurdaino, Bermeok hizkuntza lankidetzaren alorrean ibilbide “oparoa” bete du. Lehen urte hartan emandako diru laguntzari esker, arNASA txiKITXUAK dokumentala ekoitzi zen. Andeetako jatorrizko hizkuntzei buruzko dokumentala da. Udalaren laguntzagaz, Garabide Elkarteak hainbat agertokitan grabatutako film laburrak, Nasa eta Kitxua hizkuntzen indarberritze kulturalean diharduten eragileen testigantzak jasotzen ditu.
2017an, berriz, Hizkuntza Biziberritzeko Gidaritzari buruzko ikastaldi trinkoaren edizioa babestu zuen udalak. 2018. urteko diru laguntza mapuzuguna maputxeen hizkuntza biziberritzeko garatzen ari diren barnetegi dinamika sendotzera bideratu zuten. 2019ko eta 2020 ekarpena, aldiz, Guatemalako kaqchikel komunitatean hezkuntza alorreko biziberritze esperientzia batera bideratu da. Bi urtez jarraian, kaqchikelezko murgiltze ereduaren ezarpena lagunduta, diotenez, une honetan Bermeo da Chimaltenango aldean hizkuntza lankidetzako erreferente garrantzitsuena.
LHko materialak sortzeko. Azaldu dutenez, Kaqchikelak 475.000 hiztun inguru ditu Guatemalan. Hizkuntza maien familiakoa da kaqchikela, eta familia horrek guztira 22 hizkuntza barnebiltzen ditu Mexikon, Guatemalan eta Belizen.
Hain zuzen, Bermeoko Udalak hezkuntzaren alorrera bideratu du diru laguntza. Ruku ‘x’ Qatinamit eskola sarera bideratu da laguntza, eskola sarea indartzeko. Hala, proiektua eta kaqchikel kosmobisiotik, Lehen Hezkuntzan lan egiteko eskola materialak sortu dituzte.
Azaldu dutenez, lan handia egiten ari dira gaztelaniaz dagoen materiala kaqchiquelera itzuli eta pixkanaka-pixkanaka murgiltze eredurantz sareko eskola guztiak eramateko. “Bistan da, horrenbestez, udalak hizkuntza lankidetzaren bidez ekarpen esanguratsua egin diela munduko hainbat hizkuntza komunitateren biziberritze prozesuei”, adierazi du Udal Euskara Sailak. Era berean, uste dute “aipagarriak” direla munduko larrialdi linguistikoaren aurrean Bermeon antolatutako sentsibilizazio eta kontzientziazio saioak.
Guatemalatik bidalitako bideoan proiektuan parte hartzen duten irakasle, ikasle eta familien izenean eskertu dute Bermeoko Udalaren laguntza.