URAk Amunategi errekan egokitzapen hidraulikoa lortzeko lanak lizitatu ditu
Urak gainezka egiten duen Amunategi errekaren eta haren hurreko eremuan egingo dituzte lanak
Uraren Euskal Agentziak (URA) Busturiko Axpe auzotik igarotzen den Amunategi errekaren zati bat egokitzeko eta bertan dagoen estaldura bat kentzeko lanak lizitatu ditu. Egokitzapen hidraulikoa eginez, zonaldea ur goraldietatik babestea dute helburu.
Jakitera eman dutenez, lanen aurrekontua 510.500 eurokoa da (BEZ barik). Esleitzen den unetik, zortzi hilabeteko epean gauzatu beharko dituzte egokitzapen lanak.
Urak gainezka egiten duen Amunategi errekaren eta haren hurbileko eremuan egingo dituzte lanak, hain zuzen ere. Bertan, bat egiten dute artifizialki estututako ibilgu baten zabalera eskasak eta errekaren ibar naturaletan egin izan diren hirigintza erabilera sentikorrak.
Gainera, azaldu dutenez, errekaren zati handi bat degradatuta dago: “Ibilgua estali egin da, azken hamarkadetan ertzak bertikalean finkatzeko egindako obrengatik eta espezie inbaditzaileak hedatu direlako”.
Egingo dituzten lanen helburua da, batetik, inguru horretako uholde arriskuaren ondorioak arintzea, eta bestetik, ingurumen kalitatea berreskuratzea. Hala, lurpeko ibilguaren tartea laburtu eta ibilguaren sekzioa handituko dutela azaldu dute. Era berean, eskuinaldeko euste-hormen egiturak indartuko dituzte, harri-lubetak baliatuz. Azkenik, ibilguaren norabidea aldatu barik, ingurumen hobekuntzak sustatuko dituzte Amunategi errekaren eta bidearen artean dagoen eremuan.