Lointeken hainbat jokalariren COVID kasuengatik IDKren eta Araskiren kontrako partiduak atzeratu dituzte
Asteburu honetan jokatu behar zuen IDK Euskotrenen kontra, eta 22. jardunaldian atzeratu zuten Kutxabank Araskiren kontrako partidua zeukan datorren eguaztenean.
Azken egunetan Lointek Gernika Bizkaian antzemandako COVID positiboengatik aste honetan eta hurrengoan Malosten jokatu behar zituzten bi partiduak bertan behera geratu dira.
Asteburu honetan, IDK Euskotrenen kontra lehiatu behar zuten 26. jardunaldiari dagokion partidua. Datorren eguaztenean [otsailak 24], ostera, Kutxabank Araskiren kontra 22. jardunaldian atzeratu zuten partidua zeukaten.
Otsailaren 10ean (eguaztena) eman zuten lehen kasuaren berri. Orduan jakinarazi zuen klubak lehen taldeko kide batek COVID-19an positibo eman zuela aurreko egunean egindako PCR frogetan. Eguenean berriro egin zizkieten probak jokalari eta gainontzeko taldekideei eta positiborik ez zenez egon, domekako partidua lehiatu ahal izan zuten. Baina, herenegun beste adierazpen ofizial bat kaleratu zuen klubak, bi kasu positibo berri agertu zirela zehaztuz. Atzo PFC frogak egin zituzten eta gaur kasu positibo gehiago direla jakitera eman dute, baina ez dute zehaztu zenbat pertsonak eman duten positibo.
“Positibo emandako pertsonak osasun egoera onean daude. Lehen taldeko kideak bakartuak izango dira zenbait egunetan erakundeen eta klubaren barne protokoloa jarraituz. Atzeratu diren partiduetarako data berriak hurrengo eguneta zehaztuko dira”, azaldu dute klubaren ordezkariek.