'Kontrako eztarritik' liburua landuko dute Irakurleen Txokoan
Hilabete honetako saioa ere sarean egingo dute; bihar barik, hilaren 25ean egingo dute, 18:30ean.
Bermeoko Irakurleen Txokoko otsaileko hitzordua atzeratu egin da. Bihar barik, datorren asteko eguenean egingo dute, 18:30ean. Hilabete honetako saioa ere, udal liburutegian egin beharrean, sarean egingo dutela azaldu dute zoom plataformaren bidez.
Uxue Alberdi idazle eta bertsolariaren Kontrako eztarria liburua aukeratu dute oraingoan, eta parte hartzaileek Arrate Egaña idazleagaz batera landuko dituzte liburuaren nondik norakoak. Susa argitaletxearen Lisipe saileko bosgarren alea da Kontrako eztarria.
Euskadi Literatura sarien irabazleetako bat izan zen iaz Uxue Alberdi. Saiakera saria irabazi zuen Kontrako eztarritik lanarengatik.
Garai desberdinetan plazaratutako emakume bertsolarien bizipenak jaso ditu Alberdik aipatu liburuan. Hamabost bertsolariren testigantzak jaso zituen, eta horietan oinarrituta, emakume bertsolarien jarduna mugatzen duten hainbat mekanismo zerrendatu ditu: bazterkeria, ikusezintasuna eta gizonen arteko aliantzak; gutxiespena; desautorizazioa…