"Elkarbanatutako suhiltzaileen parke bat beharko luke Bermeok"
1992an Bermeoko Herri Babesa eratu zenetik koordinatzaile da Jon Ojanguren. 1979an, Bermeoko Gurutze Gorriaren sorreran ere parte hartu zuen, eta 11 urtez izan zen presidente.
Herri Babesa sortu zenetik koordinatzaile zara.
1992. urtean jarri zen martxan Bermeoko Herri Babesa, eta taldea martxan jartzeko lanetan ibili nintzen. Orduan alkate zegoen Juan Karlos Goienetxeak proposatu zidan, eta horrela, gutxika-gutxika martxan hasi ginen.
Aurretiazko esperientziak ere badituzu.
Hala da, bai. 1979an, Bermeoko Gurutze Gorriaren sorreran egon nintzen. Bilbora joan nintzen galdetzen, prest zegoen mutil talde bat bilatu nuen, eta hala hasi ginen. Eraikina prestatu genuen, ontziak ekarri genituen, anbulantziak… ezerezetik sortu genuen Bermeoko Gurutze Gorria. 11 urte egon nintzen presidente modura, eta utzi egin nuen. Geroago, 1982an, Eusko Jaurlaritzaren babes zibileko taldea sortzeko lanetan ere parte hartu nuen. Europan, Bermeo moduko herriek, boluntarioek osatutako suhiltzaileen laguntza taldeak dituzte. Gernika-Lumon dagoen suhiltzaileen parkearen moduko indarra daukate, oso ondo hornituta dauzkate. Nik eredu hori erabili gura nuen honako ere, baina desadostasunak egon ziren. Teknikoak gura zituzten, ezbeharrak gidatzeko. Orduan, alde egin nuen. Beranduago, 1986an, Ertzaintzaren salbamendu taldearen sorreran ere parte hartu nuen. Genaro Garcia Andoainegaz nengoen aholkulari lanetan. Harenak ziren salbamendu taldearen idei-
ak, baina hil egin zuten, eta ni ere desagertu nintzen ideietatik. Niri ibilbidea zein zen jakinda, Goienetxeak proposatu zidan Bermeoko Herri Babesa martxan jartzea. Hasierako ideia izan zen suhiltzaile boluntarioen taldea sortzea, baina ez genuen baliabiderik. Koordinatzaile lanak egiten hasi nintzen, eta hemen jarraitzen dut.
Orain, erretiratuta zaude, baina lehen lan horiek zure lanagaz tartekatzen zenituen.
Bai, gainera, beti enpresa pribatuetan lan egin izan dut, inoiz ez dut funtzionarioa izan gura. Funtzionarioa izanik, ezin nuen erabaki, eta ezin nuen lan egin gura nuen moduan. Lanpostu desberdinetan egon naiz, gainontzeko guztia modu altruistan egin izan dut; uste nuen egin behar zela, eta hala egiten nuen. Hemen jarraitzen dut Europako eredua bertora ekartzeko ideia izan nuelako, eta behin taldea eratuta, pena handiz ikusiko nuke desegitea.
Gutxinaka-gutxinaka joan gara materiala lortzen, baina beste gauza batzuetatik kenduta, zeren taldearen aurrekontua barregarria da.
Hala ere, etenaldi bat ere egin zenuen.
Bai, 2017an alde egin nuen. Idurre Bideguren alkate ohiak konbentzituta bueltatu nintzen. Boluntarioek ez zeukaten suteentzako ikastarorik, ezta kamioiak gidatzeko gidabaimenik ere. Herri Babesak modu horretan ezin zuen modu serioan lan egin, eta urte bat aldenduta egon ostean, Bidegurenek eskatu zidan bueltatzeko; Herri Babesan sinisten zuten.
Zenbat boluntariogaz hasi zen Herri Babesa?
Hasieran, 30-40 boluntario inguru egoten ginen, eta batzar asko egiten genituen. Ideia asko genituen, baina material gutxi. Gutxinaka-gutxinaka joan gara materiala lortzen, baina beste gauza batzuetatik kenduta, zeren taldearen aurrekontua barregarria da.
Ikastaroak ere behar ditugu boluntario berrientzat; hitzarmenean horiek zehazten ziren, eta ez dira ematen ari.
Materiala nondik dator?
Kamioi txikia Repsolek emanda daukagu, lur orotarako ibilgailuetako bat Bizkaiko Foru Aldundiak emandakoa da, eta bestea Ertzaintzak emandakoa. Kamioi handia, berriz, suhiltzaileek eman digute, lankidetza hitzarmen bat baitago udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean. Ni neu, momentu honetan, hitzarmen horren aurka nago. Kamioi bat eman digute, baina ez du Bermeorako balio. Zertarako orduan? Eman dizkigute suhiltzaileen zenbait ekipo, baina horiek ere, zaharrak, erabilitakoak. Ikastaroak ere behar ditugu boluntario berrientzat; hitzarmenean horiek zehazten ziren, eta ez dira ematen ari. Guk gure garaian, suhiltzaileek jasotzen duten antzerako ikastaro bat jaso genuen. Gaur egun, berriz, sukaldeko sute txiki bat itzaltzen ikasteko ikastaroak dira, gutxienekoa ikasten dute. Ez da hitzarmena betetzen. Aurreko udal gobernua ia zortzi urte egon zen hitzarmen hori sinatzeko, ez zuten argi ikusten. Sinatu zenean, hala eta guztiz ere, baldintza batzuekin sinatu zen: boluntarioen aseguruak, ibilgailuen mantenuak, arropak… erdizka gaude. Bermeorako eskala bat beharko genuke, Alde Zaharreko fatxadetan arazo asko egoten direlako. Esaten digute suhiltzaileen gauza dela, baina suhiltzaileak 30 minutura daude. Hartu ez beharreko arriskuak hartzen ari dira.
Bermeorentzat suhiltzaileen talde finko bat «ezinbestekoa» dela esaten zuen aurreko udal gobernuak. Hala dela uste al duzu?
Bai, udalerrian egoten diren istripuak eta suteak kontuan hartuta, Bermeok suhiltzaileen talde finko bat beharko luke. Kontuan edukitzekoa da, Gernika-Lumoko suhiltzaileen irteeren %70a Bermeora izaten direla. Uste dut posible litzatekeela elkarbanatutako suhiltzaileen parke bat egitea, eta nik proposamen hori egin nuen. Gernika-Lumon sei suhiltzaile daude, bat gehiago jarrita, egon litezke lau suhiltzaile Gernikan eta hiru Bermeon. Modu horretan, bost minutu baino gutxiagotan iritsi daitezke suhiltzaileak gertakarira, eta gainontzeko suhiltzaileak Gernikatik datozenerako hemengoek dena prest edukiko lukete. Kasu askotan, sutea izatekotan, agian, itzalita ere bai! Izan ere, askotan, suhiltzaileak heltzen direnerako guk geuk kontrolpean izaten ditugu suteak. Arrisku asko dauzkagu herrian.
Hasieratik gaur egun arte lan egiteko modua aldatu da?
Bai, materialaren arabera, beharrizanen arabera… aldatu egiten da. Orain, suhiltzaile boluntarioak izango bagina modura lan egiten dugu. Lehen, materialik barik, justuagaz joaten ginen.
Gauza berriak ikasteko balio du, eta guk dakigun guztia erakusten diegu. Hemen sartu eta gustua hartzen diozu.
Boluntario aldetik, zelan?
Momentu honetan ondo gabiltza, 20 boluntario inguru gaude zerrendan, baina hamabost inguru ibiltzen gara batera eta bestera. Arazoa da, lehen esan bezala, berrien prestakuntza ez dela egokiena. Suteetan parte hartzeko prestakuntza daukagunok bost boluntario inguru gara. Ekintzarik ez baldin badago, zapatuetan batzen gara mantenu lanak egiteko. Hala eta guztiz ere, 24 ordu gaude telefonoaren menpe. SOS Deiaketik dei bat jasotzen badut, sutea baldin bada, nik neuk bi dei egiten ditut, eta bi horiek beste dei batzuk egiten dituzte. Antolatuta daukagu, ezin da denborarik galdu. Gaztelugatxeko San Juanen istripua baldin bada, lur orotarako ibilgailua hartzen dut esku-oheagaz, eta berehala ateratzen naiz, eta gero datoz besteak. Ezin dugu minutu bat galdu.
Boluntario egitera animatzen dituzu herritarrak?
Bai. Gauza berriak ikasteko balio du, eta guk dakigun guztia erakusten diegu. Hemen sartu eta gustua hartzen diozu. Zapatuetako lana atsegina izateko ahalegina egiten dugu. 18 urtetik gorako bermeotarrak izan daitezke boluntario, eta izena emateko Berhazera jo behar dute.
Oso burugogorra naiz, askotan bakarrik sartzen naiz lekuetara, eta inoz ez da bakarrik sartu behar.
Suteak itzaltzeaz gain, Herri Babesak beste hainbeste gauza egiten ditu.
Bai, hala da. Esaterako, urtarrileko elurteetan, herriko auzo guztietatik ibili ginen auzo bideak garbitu eta libre utzi asmoz. Uholde, haizete, itsas denborale eta gainontzekoetan ere egoten gara, eta irteera guztietako txostenak egiten ditugu. Askotan ez da gure lana ikusten, baina hor egoten gara, asko eta asko dira egiten ditugun lanak. COVID-19agaz ere hor gabiltza, baheketetan egon gara Artza frontoian zein Sagrado Corazon ikastetxean ere. Mundakako Udalagaz lanean ere hasi gara. Horien asmoa da Herri Babesa Mundakara ere zabaltzea, eskatzen ari dira.
Urte asko boluntario modura. Zein da oroitzapenik txarrena?
Norbait hiltzen denean izaten da zailena; Askatasun Bideako etxebizitza batean gertatu zen moduan, 2019ko martxoan. Une txarrak, hala eta guztiz ere, ahaztu egiten dira. Une batzuetan ematen du ezin izango duzula zauden lekutik atera. Esaterako, oso gaizki pasa nuen 2017an Kafe Antzoki azpiko garajean gertatutako sutean. Sartu egin nintzen, eta ez zen ezer ikusten. Ke apur bat arnastu nuen, baina aurreratu egin nintzelako. Denboragaz, baina, ahaztu egiten dira horrelakoak. Hala eta guztiz ere, beti esaten diet beste boluntarioei: «Egin nik esaten dudana, eta ez nik egiten dudana». Hainbat aldiz errepikatzen dudan gauza da. Oso burugogorra naiz, askotan bakarrik sartzen naiz lekuetara, eta inoz ez da bakarrik sartu behar.
Alde onak ere izango ditu, ezta?
Harrapatu egiten zaituela uste dut. Askotan esaten dut sekta bat dela. Ez dakit ni joanda taldeak aurrera egingo lukeen, horregatik ez dut uzten. 1982an honegatik borrokatu nuen, eta ez dut galtzen utzi gura. Baina, nik neuk, badauzkat beste hainbeste gauza egiteko.
Zer lortu gurako zenuke Bermeoko Herri Babesagaz?
Gernika eta Bermeoren artean elkarbanatutako suhiltzaileen parke bat lortzea ondo legoke, Bermeok behar duelako. Hori da herriak benetan behar duen zerbitzua. Hori lortuta pozik joango nintzateke.