Lea-Artibaiko hondakin bilketa sistema Bizkai osora zabalduko da martxoan
2018az geroztik Lea-Artibain proba pilotua egin dute, eta "emaitzak onak" izan direla eta, martxoaren 1etik aurrera sistema hori lurralde osora zabaltzea erabaki du aldundiak. Martxoaren 1etik aurrera beraz, animalia hondakinak ere birziklatu egingo dira Bizkai osoan.
Lea-Artibaik 2018an hasitako bideari jarraituko dio martxoaren 1etik aurrera Bizkaia osoak. Egun horretatik aurrera, edukiontzi marroian, dagoeneko jasotzen zirenez gain, haragi eta arrain hondakinakere bota ahalko dituzte Bizkaiko bizilagun guztiek. Bizkaiko Foru Aldundiak hondakin organikoak tratatzeko sistema aldatu du, eta aldaketa hori beste urrats bat dela esan dute.
Hondakin mota horiek zenbait aldaketa ekarriko dituzte prozesuetan eta, gainera, bilketa bolumena gehituko da. Horren ondorioz, foru erakundeak halako hondakinak tratatzeko azpiegitura nagusia egokitu du (Bizkaiko Konpostegia) eta, aldi berean, tratamendu aukera teknologiko berriak bilatu direla jakitera eman du. Zeregin horri esker, hurrengo hilabeteetan Berriatuan, Getxon eta Igorren eskualdeko konpostatze planta berriak ipiniko dira.
Obrek aurretik zeuden instalazioak aprobetxatu dituzte, eta urtebete behar izan dute horiek egiteko; lanak iaz amaitu zituzten. Egokitzzapen lanak amaitu eta gero, azkeneko hilabeteetan probak egin dituzte, “funtzionamendua aztertzeko”. Une honetan plantak urtean 10.400 tona biohondakin tratatzeko gaitasuna dauka. Inausketa hondakinen tratamenduari erreparatuz, edukiera ere antzekoa da. Prozesuak zortzi aste irauten ditu, eta urtean gutxi gorabehera 12.2000 tona konpost sortuko dira.
Gaur egun Bizkaiko Konpostegiak hondakinak pilatzeko 300 metro karratuko nabea dauka. Bertan, hondakinak bildu eta poltsak irekitzen dira. Gero, bereizketa egiten da akats baten ondorioz bota diren hondakin ez konpostagarriak kentzeko.
Lea-Artibaiko proiektu pilotua 2018an hasi bazen ere, Mutrikun 2016ko uztaileanhasi ziren bosgarren edukiontziaren sistemarekin. Bai Lea-Artibain eta baita ere Mutrikun bosgarren edukiontziaren sistema ezartzeaz batera hasi ziren animalia hondakinak ere birziklatzen.