"Erantzun bakarra espero dugu, irailean Lehen Hezkuntza ezartzea"
Haizeder Eskolan LH ezartzeko konpromisoa hartu zuen Hezkuntza Sailak 2020an. Hitz emandakoa betetzea espero dute Haizeder Handitzen guraso plataformako kideek.
Hezkuntza Sailak Haizederren Lehen Hezkuntza ezartzeko konpromisoa hartu zuela urtebete pasatu da, eta Haizeder Handitzen guraso plataformako kideek Hezkuntza Sailari eskatu diote hartutako konpromiso hori betetzeko, 2021-2022 ikasturtean, Haizeder Eskolan Lehen Hezkuntza egon dadin. Esperantza hori daukate, eta horri eutsi nahi diote.
Ikasturte honetan, sei ume daude bost urteko gelan, hurrengo ikasturtean LHko lehenengo mailara pasatuko direnak. “Aurreko ikasturtea amaituta, sei umek eskola utzi behar izan zuten, eta ez dugu nahi beste seiri berdina gertatzea. Ez gaude prest beste sei ikasle galtzeko. Ez dugu gehiago itxaron nahi; Hezkuntza Sailari eskatzen diogu orain dela urtebete hartutako konpromisoa betetzeko eta irailean LH ezartzeko”.
Haizeder Handitzen guraso plataformako 44 kideek manifestu bat atera dute euren egoeraren berri emanez.
Elantxobeko, Ibarrangeluko eta Eako guraso eta herritarren urteetako ekimenari esker, 2020ko otsailean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2019-2023 Hezkuntzako azpiegituren planean sartu zuen Haizederren Lehen Hezkuntza ezartzeko proiektua.
Jakinarazpen hori “poz eta ilusio handiz” hartu zuten plataformakoek, euren umeak 12 urtera arte etxetik gertu geratuko zirelakoan: “Berria heldu aurretik zein ostean, betiko legez, gardentasun osoz eta elkarlanean aritu gara Haizeder eskolako zuzendaritzarekin, Elantxobeko, Ibarrangeluko eta Eako udalekin eta Hezkuntza Sailagaz. Aktak alderdi pokitiko guztien esku jarri ditugu lehenengo unetik eta Hezkuntzari ere guztiak helarazi dizkiogu”.
“Momentuz, kontrakorik ez digute esan, eta irailean hasteko esperantza daukagu”
Azaldu dute Eusko Legebiltzarrean Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak hezkuntzako proiektuak zertan zeuden galdetu zuela idatziz, ekainean, eta erantzun ofizial horretan dator sartuta Haizederreko proiektua erredakzio fasean zegoela beste hainbategaz batera.
Aurten, baina bestelako berria jaso dute. Urtarrilaren 25ean, Hezkuntzako bi goi kargudunekin bildu ziren hiru udaletako alkateak, eskolako zuzendaria eta ikasketa burua eta plataformako kide bat, Lakuan. Hezkuntzan dagoen lantalde berriak Haizederri buruz hartutako erabakien berririk ez zeukan, eta ondorioz, lantaldekoei informazioa ematen aritu ziren.
Sei asteko epea eskatu zieten eguneratzeko eta LHra pasatu behar diren sei umeei buruzko erabaki bat hartzeko.
“Pena handiz ikusi dugu nola iazko martxotik abendura arte ez digun inork ezelango erantzunik eman eta denbora alferrik galdu izanaren sentsazioa daukagu. Sei familia hauek datorren urtekoaz nork eta zer esan zain daude. Gainera, horietatik lau familietan neba-arreba txikiagoak datoz eskolara”.
Hezkuntza Sailaren lantalde berriaren erantzunaren zain daude
Zehaztu dute datorren ikasturtean 41 matrikula izango dituztela Haizeder eskolan, horietatik 12 Haur Hezkuntzako 2 urteko gelan sartuko dira. “Etorkizuna ziurtatuta dago, proiektua onartuta dago. Zain gaude. Erantzun bakarra espero dugu, eta esatea zelan eta ze baldintzetan hasiko garen irailean. Baikorrak ginen, baikorrak gara. Tartean zer pasatu den eurek jakingo dute. Guk lehengoari eusten diogu. Momentuz daukaguna da Hezkuntzaren konpromisoa orain dela urtebetekoa, LH ezarriko zela zehazten zuena. Esan ziguten 2019-2023 Hezkuntza Azpiegituren Planean sartu zela gure proiektua eta erredakzio fasean zegoela. Orduan, guk komunikazio ofizial hori ematen dugu baliozkotzat. Momentuz, kontrakorik ez digute esan, eta irailean hasteko esperantza daukagu”.