Sukarrietak hobekuntzak egin ditu udal instalazioetan
Gimnasioa, liburutegia eta ikus-entzunezkoen aretoa egokitu ditu, zerbitzu hobea emateko
Sukarrietako Udalak COVID-19ak eragindako egoera baliatu du zenbait udal instalaziotan hobekuntza lanak egiteko. Herritarrei itxita zeudela aprobetxatuta, irisgarritasuna hobetu eta erabilera zein zerbitzu egokiagoa emateko egokitzapenak egin ditu gimnasioan, liburutegian eta ikus-entzunezkoen aretoan. Hain zuzen, azken gela hori handitu egin du udalak, horretarako liburutegiaren azaleraren zati handi bat erabiliz. Gimnasioa ere handitu du, pasilloaren zati bat gehituta. Instalazio elektrikoan ere hobekuntzak egin dituzte, eta Wifi zein USB konexioak dituzten telebistak ipini ditu udalak gimnasioan zien ikus-entzunezkoen gelan. Lan horiek eginda, udalak erabilera handiagoa eman gura die espazio horiei.
Sukarrietako alkate Erruki Goirienak azaldu duenez, herritarrengan pentsatuta egin dituzte lanak, “obrek normalean sortzen dituzten eragozpenak saihesteko, eta espazio horiek berriro erabiltzeko aukera dugunean egoera onean egon daitezen, zerbitzu hobeak eskainita”.
Inbentarioa. Lanok eginda, orain gimnasioan dagoen materialaren inbentarioa egin gura du Sukarrietako Udalak. Horretarako, herritarrei dei egin die espazio horretan izan ditzaketen gauza partikularren bila joateko; esterillak edo makinak, esaterako. Hilabeteko epea izango dute Sukarrietako bizilagunek horretarako; epe hori igarota, udal langileek Garbigunera eramango dituzte egoera txarrean daudenak eta gainontzekoak udal inbentarioan bilduko dituzte.