Sestaoko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute Gernika-Lumon
Emakume bat hilda aurkitu zuten joan den barikuan [otsailak 12] Sestaoko etxebizitza batean, indarkeria zantzuak zituela.
Sestaoko hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratzea egin dute asteburuan Gernika-Lumon ere. Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, emakume bat hilda aurkitu zuten joan den barikuan [otsailak 12] Sestaoko etxebizitza batean. Ustezko erasotzailea, biktimaren senarra, 57 urtekoa, hilda aurkitu zuten goizean Benediktako kaiko uretan eta familiari haren heriotzaren berri ematera joan zirenean aurkitu zuten andrearen gorpua etxean, indarkeria zantzuak zituela.
Domeka [otsailak 14] eguerdian irten ziren herritarrak kalera Gernika-Lumon, hilketa matxista hori gaitzesteko. Merkurio iturrian egin zuten elkarretaratzea.
Hilabete ere ez da igaro Aizarnazabalen Aintzane Pujana hil zutenetik, eta aurten Euskal Herrian hil duten bigarren emakumea da sestaoarra. 2003tik indarkeria matxistak 109 emakume hil ditu.