Mundakako alkateak dekretuz aldatu ditu alkateordeak
Aurrerantzean, EAJko zinegotzi Begoña Eraña izango da Mundakako Udaleko lehenengo alkateordea, eta bigarrena, berriz, EH Bilduko zinegotzi Edorta Jimenez.
Alkateordetzan aldaketak daude Mundakako Udalean. Mundakako alkate Mikel Bilbaok dekretuz aldatu ditu alkateordeak. Hala, aurrerantzean lehenengo alkateordea Eusko Alderdi Jeltzaleko (EAJ) zinegotzi Begoña Eraña Heras izango da, eta bigarrena, EH Bilduko zinegotzi Edorta Jimenez Ormaetxea.
Orain arte, bi alkateordeak EAJkoak ziren. Mundakako EAJk taldetik kanporatu gura izan zuenean, astebete arinago oporrak hartu zituela gogorarazi du Bilbaok: “Ni taldetik bota eta zentsura mozioa aurkeztea zeukaten buruan, eta oporretan nengoela, alkateordeek ez zuten euren lana bete. Bueltan, kargutik kendu nituen Mundakako Udaleko alkateorde ziren EAJko bi kideak, eta EH Bilduren bi zinegotzi izendatzeko proposamena egin nuen, baina ez zuten onartu. Handik hilabetera, EAJren idatzi bat jaso nuen, esaten prest zeudela alkateordetzak hartzeko. EH Bilduren eskaerarik ez zen egon, eta EAJren bi zinegotzi jarri nituen alkateorde”.
“Pluralitatearen” alde. Hasieratik udal gobernu “plural” baten aldeko apustua egin duela adierazi du Mundakako alkateak: “Gobernu Batzorde plurala osatu gura izan dut, alkatea eta bi alderdi politikoekin. EAJk ez du proposamena begi onez ikusi, eta azken osoko bilkuran atzera bota zuten”.
Batzordeetan ere aldaketak egiten saiatu izan da; izan ere, EAJtik kanporatua izatean, portzentajeak aldatu behar zirela jakitera eman du: “Batzorde garrantzitsuenetan EAJko lau zinegotzi eta EH Bilduko bi egoten ziren. Ni kanporatu ostean, ni nintzen batzordeetako presidentea eta EAJko hiru zinegotzi eta EH Bilduko bi zinegotzi zeuden. Modu horretan, baina, ez zen portzentajea argi geratzen. Idazkariagaz aztertu ostean, aukeretako bat zen alkatea eta alderdi politiko bakoitzeko zinegotzi bana egotea, bakoitza bere botoekin. Modu horretan, batzordeak jende gutxiagokoak izatea lortzen zen, eta aldi berean, pluralagoa. EH Bildukoak beti kexu izan dira batzordeetan diru asko gastatzen zelako. Idazkariaren proposamen horrekin batzordeetan jende kopurua murriztu egiten zen, eta baliagarriagoak ere izan zitezkeen”. Ideia hori bazen ere, aukera hori ere azken osoko bilkuran EAJkoek atzera bota dutela adierazi du alkateak. Hortaz, batzordeetan alkatea bera da presidentea, EAJk hiru zinegotzi ditu eta bi EH Bilduk.
Udala “pluralagoa” izateko asmo horrekin, alkateordetzan ere bi alderdiak ordezkatuta egotea gura zuen, eta EH Bildugaz berba eginda, onartu egin zuten: “Ordena bat mantentzea egokia zen. Boto gehien duen alderdiarena da lehenengo alkateordea, eta bigarrena bestea”.
Udal aurrekontuan lanean ari dira orain. Bi alderdiek proposamenak aurkezteko tartea eduki dute, eta EAJk aurkeztutako proposamenekin aurrekontu proposamena “aldatu” egin du alkateak. Aipatu proposamena martxoko osoko bilkurara eroango dute.