Denboraldiko lehen hitzordua
Gernikak, Ordiziak eta Hernanik denboraldiko lehen torneoa jokatu dute Urbietan. Datorren astean ligaxka hasiko dute.
Urtebete eta erdi lehiatu barik egon ostean, Gernika RTko emakumezkoen taldeak seven triangularra jokatu du asteburu honetan.
Etxeko taldearen, Ordiziakoaren eta Hernanikoaren arteko lagunarteko topaketa hartu zuen Urbietak, zapatu arratsaldean. Denboraldiko lehen hitzordua izan da eurentzat, eta datorren astean hasiko duten ligaxkarako aurre-prestaketa moduan hartu dute. Launa partidu jokatu zituzten; Gernikak Ordiziaren kontrako bat irabazi, Hernaniren kontrako bat berdindu eta beste biak galdu zituen.
“Nahiz eta betiko moduan hamabost jokalarigaz ez aritu, lehen kontaktua izan da. Urte eta erdi geldi egon ostean, lehenengo torneoa zazpira jokatu dugu. Gogorra izan zen, eta gauza asko ikusi ziren”, azaldu du Maite Bilbao Gernika RTren jokalariak. Taldekide berri asko dituzte, eta horientzat lehen proba izan zen, “beldurra kentzeko” baliagarria. Oro har, denentzat ere beldurra kentzeko balio izan duela dio. Hainbeste denbora ezer egiteko aukera barik egon baitira, eta hilabete daramate entrenatzen: “Orain lege berriagaz, hamarrera, hamabira edo hamabostera jokatu ahal izango dugu”.
Aurtengo denboraldirako hamazazpi fitxa dituzte. Ligaxka lehiatzeko gogoz daudela azpimarratu du Bilbaok. Beste talde batzuk igoera erabakitzeko ligaxka lehiatzen hasi ziren orain dela hilabete, eta multzo horretan ez dauden beste taldeek jokatuko dute datorren astean hasiko duten ligaxka. Besteak beste, Hernani, Ordizia, Durango, Eibar B eta La Unica ariko dira talde gernikarragaz batera.
Gogotsu eta ilusioz badaude ere, egoera zaila dela gogoratu du: “Oso gaitza izaten dabil. Jokatzeari ez diogu beldurrik, baina COVIDagatik beldur apur bat badaukagu. Baina gogoak baditugu. Pandemia hasi zenean, zazpigaz, hamarregaz, hamabira… geunden pertsonen arabera jokatu ahalko genuela esan ziguten. Gero erdi-profesionalak bakarrik entrenatu ahal zirela esan zutenez, zazpira jokatzeko izena eman genuen talde askok, gehienbat taldeak ez desagertzeko, entrenatzen segitzeko eta lagunartekoak egin ahal izateko”.