Aurkari zuzenaren kontrako garaipena
Ligaren 25. jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaiak 53-64 irabazi dio Movistar Estudiantesi.
Emakumezkoen Ligaren 25. jardunaldian, sailkapeneko laugarrenaren eta bosgarrenaren arteko lehia izan da asteburuan: Lointek Gernika Bizkaia eta Movistar Estudiantes. Talde gernikarra 53-64 nagusitu zen atzo Madrilen, eta gaur gaurkoz, bi puntura dauka Estudiantes.
Defentsa lan sendoa giltzarria izan zen aurkari zuzena mendean hartzeko.
Partidu hasieran erosoago ikusi zen etxeko taldea. Bere barruko joko indartsuaren bila aritu zen, aurkariari min egiteko. 12-7ko markagailuagaz Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak hutsartea eskatu zuen. Ideiak argitu beharra zegoen. Partidua geratzeak eragina eduki zuen, baina, oraindik ere hutsegiteak gehiago ziren asmatutakoak baino. Angie Bjorklund eta Mima Ivanovicen hirukoekin aldea murriztu zuten.
19-18 amaitu zuten lehen laurdena, eta bigarrenean bi taldeei saskiratzeak lortzea kostatu zitzaien. “Hasieran apur bat hotz hasi gara, erasoan maloia gutxi mugituz. Lehen laurdenetan baloiak galdu ditugu, errebotea ez dugu kontrolpean eduki. Estudiantesen etengabeko aldaketek arin ez jokatzea eragin digute. Bigarren laurdenean defentsagatik eutsi dugu; erasoan bizitasuna falta izaten segitu dugu”, azaldu zuen Lopezek partidu amaieran.
Bigarren laurdenaren hasierako zenbait minututan, bi taldeak kolpez kolpe aritu ziren. Esaterako, Lointekeko Paula Ginzo gazteak agerian utzi zuen taldean gero eta ardura gehiago hartzeko gai dela.
Baina 22nako berdinketagaz partidua geratu zen, erasoan eten bat eduki zuten. Gero, talde madrildarraren Arica Carter amerikarrak Lointeki neurria hartuta diola erakutsi zuen. Bigarren laurdenean markagailuan aurretik jarri zen talde granatea, baina Gretterren hirukoak alerta piztean, Lopezek hutsartea eskatu zuen. 7-0ko partziala egin zuen Estudiantesek eta 31-27ko markagailuagaz ailegatu ziren atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasieran defentsa aldatuta aritu zen Lointek. Defentsa hobetzearen ondorioz, etxeko taldeak zailtasunak eduki zituen bere jokoa egiteko, eta talde gernikarra markagailuan aurretik jarri zen. Erasoan sistemak hobeto lantzea lortu zuen. Bjorklundek eta Nogaye Lok min handia egin zieten Estudiantesekoei. Ivanovicek eta Bjorklundek alkar ondo hartu zuten.
Azken txanpara 41-46ko emaitzagaz sartu ziren. Azken laurdenean erabaki zen neurketa. Lointekekoak konfiantzagaz aritu ziren, egiten ari ziren defentsan sinistuta, eta erasoan baloia askoz hobeto mugituz. Abantailak aprobetxatu zituzten, eta hirukoetan ere asmatu zuten. 0-8ko partziala giltzarria izan zen garaipena lortzeko. “Azken laurdena izan da guretzat partiduko momenturik onena”, azpimarratu zuen Lopezek.
Positiboa. Gernika-Lumoko taldeak 24. jardunaldian lehiatu behar zuen partidua atzeratu egin zen aurreko astean. Lointek eta Avenidaren arteko egueneko ligako partidua bertan behera utzi behar izan zuten Malosteko taldean COVID positibo bat antzeman zutelako.