'Nik Gernikan' kanpainak 576.670 euro utzi ditu herrian
Familiak laguntzeko Gabonetako kanpainari esker, herriko komertzioek 37.400 euroko irabaziak izan dituzte
‘Nik Gernikan’ kanpainak 576.670 euroko eragina izan du herriko establezimenduetan. Gernika-Lumoko Udalak eta Gernikako merkatarien elkarteak herrian kontsumoa sustatzeko bi kanpaina egin dituzte pandemia egoera hasi zenetik, eta guztira herriko 170 establezimenduk parte hartu dute. Ekainetik azarora 100.000 euro bideratu zituen udal administrazioak herritarrek eskuratzeko bonoetarako. Gabonetan, berriz, 20.000 euroko partida bideratu zuen. Hala, bi kanpainetan, guztira, 22.644 bonu jaulki zituzten herriko merkataritzan eta ostalaritzan kontsumoa sustatu asmoz.
120.000 euroko inbertsioa egin du udalak herriko kontsumoa bideratzeko, eta herritarrek egin duten gastua 576.670 eurokoa izan da. Zehatz esanda, 531. 414,5 euro gastatu dituzte herriko merkataritzan, eta 45.259 euro ostalaritzan. Bono kopuruari erreparatuta, baina, %54 ostalaritzan erabili zituzten herritarrek, eta %46 merkataritzan.
Gabonetan familiak lagundu. Gabonetako kanpaina 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako seme-alabak dituzten familiak laguntzera bideratu zuten. Hipoteka edo alokairuaren ordainketari aurre egin behar dioten bitartean, Gabonetako opariek eragiten duten gastu gehigarri hori arintzea zen kanpainaren asmoa. Horretarako, 20.000 euro bideratu ziren, eta 10 euroren truke 20 euroko bonoak eskuratzeko aukera izan zuten familiek. Horrela, kanpaina horretan 37.400 euro gastatu zituzten herritarrek herriko dendetan.