Lekuetako sugarrak piztuta dirau
Existitzen delako piztu dute sugarra Lekuek festibalaren antolatzaileek; aurten ez du jaialdiaren kutsua izango, baina musikazaleen arnasgunea izango den aste musikala prestatu dute.
Txinpartatik eta sua pizteko beharretik sortu da zortzigarren edizioa. Sua pizteko oxigenoa, beroa eta erregaia behar dira; ez da izaterik haiek gabe, ez du funtsik, ez da existitzen. Eta existitzen delako sugarra piztu dute, badelako ari da gorputza hartzen Lekuek 2021 egitasmoa. Musikaren inguruan elkar babesteko, «musika delako gure oxigenoa».
Antolatzaileek azaldu dutenez, Lekuek Gernika-Lumoko herri osoan eztanda egin izan duen jaialdia izan da. Kaleetan zabaldu dena, tokiak bete dituena eta dinamika ezberdinak bildu dituena. Hori guzti hori zuzeneko emanaldiak eta musikarekin zerikusia duten jarduerak proposatzeko gogoa agertuz egin izan da. Orain arte Gernika-Lumon aste osoko musika jaialdia legez ezagutu izan da Lekuek.
Hala ere, iaz bertan behera utzi behar izan zuten, koronabirusak sortutako osasun alarma egoeragatik. Aurten ere ez da lehengo gauza bera izango eta antolatzaileek esan dutenez, ez dute festibal gisa aurkeztuko, «ezin delako aurreko urteetako naturaltasunarekin ezta jaialdiak daukan bapatekotasun edo eta zabaltasunarekin bizi».
Hala ere, duela zortzi urte piztu zuten sugarrari eutsi gura diote Lekuek jaialdiaren antolatzaileek, eta oraingoan astebete iraungo duen formatu txikiko eskaintza da herritarrei zein jarraitzaileei egin dieten proposamena. «Astebetez, formatu txikiko kontzertu, zinema emanaldi eta erakusketak programatzeko gogoa dugu». Sugarra itzali ez dadin.
Egoerak posible egiten badu, martxoaren 13tik 21era bitartean egingo dute Gernikako Lekuek.
Tarteak zainduta, hurbil
Iparragirre, Lizeo Antzokia eta Astra. Horiek izango dira 2021eko lekuak. Astran, gainera, bi gune erabiliko dituzte: beheko eta goiko solairuak. Hala ere, zehaztu dute bi gune horiek ez direla aldi berean erabiliko, jendea pilatzea ekiditeko eta segurtasuna bermatzeko.
Aforo mugak ekitaldi, kontzertu eta ekimen denetan errespetatuko dira, uneoro. «Bizitzen ari garen garai ilun honi argia emateko, denon erantzunkizuna, edukiera murriztua eta segurtasun neurriak beharrezkoak izango dira bizipenak eta emozioak partekatzeko. Astra, Iparragirre eta Lizeo gure babeslekuak izango dira barne izpirituari beroa emanez. Distantzia fisikoaren muga izan arren, alkarrengandik hurbil sentituko garelakoan gaude», azaldu dute.
Dagoeneko ezagutzera eman dute kartela, eta ariko diren talde, artista eta bakarlariak iragarri dituzte: Rita Payes, Rudiger, Teksuo, Labana, American Folk Singer, Tashakor, Vulk, Elle Belga, Aiama & Aneguria, Knives, Azken Sustraiak, Feline eta Euskatalites. Iban Sainz Jaio gernikarra da kartelaren egilea eta haren lana eskertu gura izan dute.
Lekuek-en erregaia bizirik mantentzen dutena pertsonak direlako, parte hartzen duten denen lana eta esfortzua ere eskertu dute: «Urtero, ikus-entzuleek, artistek, teknikariek eta boluntarioek musikaz gozatzeko grina pizten baitute».
Programazioa osotzen doazen heinean ezagutzera emango dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Osasun egoeraren arabera, jaialdia atzeratzeko aukera ere baloratu dute. Hala ere, martxoan egiteko moduan egongo direlakoan daude. Sarrerak hurrengo astean ipiniko dituzte salgai. Informazioa eman eta salmenta www.gernikakolekuek.com webgunean egingo dute.
Elkarlanetik sortuta
2014. urtean antolatu zuten lehenengoz Gernikako Lekuek jaialdia. Trinkete Antxitxokoaren, Iparragirre Rock Elkartearen, Astraren, Lizeo Antzokiaren, Fiakunen eta herriko zenbait tabernariren elkarlanak egin zuen hori posible. Jaialdiaren helburu nagusiak honakoak ziren: gauza berritzaile bat eskaintzea, eta neguan herriari bizitasuna ematea. Musikazaleek gozatzeko jaialdia sortzea zen asmoa, herriko agenda kulturalean finkatzeko zerbait. Eta finkatu da, Gernika-Lumoren egutegian lekua dute Lekuek.
Musika abiapuntu hartuta, kultura sustatzea izan da urte guzti hauetan festibalaren xedea; kontzertuetara mugatu barik, musikak beste hainbat esparrutan ere eragiten duela erakutsi gura izan dute.
Hazten joan den apustua izan da musika festibala, eta iaz antolatu zuten azkenengoz Gernikako Lekuek jaialdiaren izaerarekin; hala ere, ezin izan zioten amaiera eman.
Martxoaren 7an hasi zen festibala, eta martxoaren 12an, eguenean, bertan behera utzi behar izan zuten koronabirusak sortutako egoeragatik. Hala, azken astebururako programatuta zituzten kontzertu eta ekintzak bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek.