Ipesek Bakioren herri memoria ekarriko du Astrara
'Memoria elkarrizketa' saioaren baitan, herriko alkate Amets Jauregizarrek eta lan taldeko kide Laura Uriartek emango dituzte azalpenak
Ipes elkarteak Memoria elkarrizketa saioa antolatu du. Astran izango da, otsailaren 18an, eta Bakioko herri memoria izango dute hizpide. Bi emakumeren ahotik, gerra garaian herri horrek bizitakoa ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. 18:30ean hasiko da solasaldia, eta bertan izango dira Bakioko alkate Amets Jauregizar eta lan taldeko kidea den Laura Uriarte.
Bakiok interes estrategikoa eduki zuen 1936ko Gerran, Sollube eta Jata mendiak albo-alboan dituelako, eta han gertatutakoari buruz ariko dira bi hizlariak. Besteak beste, azalduko dute inguru horren kontrola irabaztea funtsezkoa izan zela faxistentzat, Bilbora kostaldetik hurreratzeko. Horregatik, gainera, borrokaldi latzak egon ziren han. 1937an bakiotar askok Zalla aldera jo zuen babesleku bila.
Memoria berreskuratzeko hainbat lan eta egitasmo burutu dituzte Bakion. Besteren artean, 1931. urtetik 1945ra Bakion gertatu zenaren analisi objektibo eta sakona egin du Zuriñe Goitia ikerlariak, eta bere lanaren emaitza izan da Bakio 1936-1945. Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan liburua.
Osasun arrazoiak direla eta, solasaldian parte hartzeko aforoa mugatua izango da.