Herrien itxiera perimetrala mantendu eta mugakide diren herrien arteko mugikortasuna baimendu ditu Labik
Mugakide diren herriei dagokienez, mugikortasuna baimendu dute, beti ere jarduera sozio-ekonomikoak egiteko eta aire zabalean kirola egiteko bada. Astelehenetik hasita, neurriak hogei egunez egongo dira indarrean (gutxienez martxoaren 8ra arte).
Euskadiko Babes Zibileko Planeko (Labi) kideek bilera eduki dute gaur [otsailak 12] eta erabaki dute herrien itxiera perimetrala beste 20 egunez luzatzea. Hau da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri guztiek itxita jarraituko dute, gutxienez martxoaren 8ra arte.
Dena dela, mugakide diren herrien arteko mugikortasuna baimendu dute, beti ere jarduera sozio-ekonomikoak egiteko eta aire zabalean kirola egiteko bada.
Intzidentzia tasaren arabera, baita ere, eskola kirola eta bestelako kirol entrenamenduak egitea ere baimenduko da 100.000 biztanleko 500dik beherakoa den kasuetan.
Kirol federatu eta profesionalari buruzko xehetasunak ere eman ditu: “lehiaketa profesionalean edo erdi profesionalean dauden taldeen arteko kirol entrenamenduak eta lehiaketak; eta 500dik beherako intzidentzia tasa duten udalerrien arteko mugikortasuna kirol federatuko entrenamenduak, eskola kiroleko entrenamenduak egiteko, baita gimnasioetan, klubetan edo polikiroldegietan programatutako aktibitateak egiteko ere”. Hau da, kirol federatua eta eskola kirola egiteko edozein udalerritara joan ahalko da, betiere bien intzidentzia tasa 500dik beherakoa bada.
Labik ez ditu ostalaritza establezimenduei eragiten dizkien neurriak aldatu. Neurri horiek astelehenetik [otsailak 15] aurrera egongo direla indarrean esan du Iñigo Urkullu lehendakariak. Labi martxoaren 5ean batuko da barriro, eta orduan egoeraren “ebaluazio sakona” egingo dutela esan du.
Esan du Labi aholku batzordeko kideek hartzen dituzten erabaki guztiak “osasun profesionalen gomendioetan oinarrituta” hartzen dituztela. “Erabakiek oinarri zientifikoa dute. Eta erabaki guztiak hartzen ditugu herritarren osasuna bermatze aldera”. Azpimarratu du pandemiaren errudunik ez dagoela: “Ostalaritza ez da erruduna, ezta epidemiologoak ere“.
Autoaren inguruan. EAEko Auzitegi Nagusiak gune gorrian dauden ostalaritza establezimenduen irekiera auto bidez baimendu izana errespetatu egiten dutela baina ez dutela ulertzen esan du. “Erabaki horrekin ez gaude ados, ez dugu partekatzen. Dena dela, gure aholkulariek aholkatu digute horren aurkako helegiterik ez jartzea. Azken finean, erabaki hori hartu duten epaile berdinen aurrean helegite bat jartzea alferrikakoa litzateke. Dena dela, pentsatzen dugu arrazoia daukagula”. Gai horrekin lotuta, esan du uste dutela epaileek “badaezpadako neurria” hartu dutela, baina ez gaiaren muina aztertuta.
Erantzukidetasuna. Esan du Biziberri planak herritarren bizimodua aldatzea eskatzen duela, eta erantzukizuna pertsona bakoitzarena dela. “Plan honek zorroztasuna eta eratzukidetasuna eskatzen ditu. Gu gara birusaren hedapena gelditzeko lehen hesia. Norbanako bakoitzak neurriak errespetatzeak bizitzak salbatzen ditu”.
Azkenik, azpimarratu du urritik gaur arte hiru lurraldeek edukitako bilakaera “larria” izan dela. Eta azken hilabeteetako esperientziak erakutsi diela intzidentzia tasa 500 edo gehiago den eremuetan neurriak zorroztea “egokia” dela. Gaineratu du helburua 100.000 biztanleko 60ko tasan kokatzea dela helburua.
Gaurko txostena. Bestalde, Osasun Sailak gaur emandako datuen arabera, Busturialdeko udalerrietatik atzo Bermeon bakarrik egon ziren 3 positibo. Bera da gune gorrian dagoen eskualdeko herri bakarra, 875,22ko intzidentzia-tasagaz. Azken zazpi egunetan 63 positibo zenbatu dituzte.
Gernika-Lumok eremu laranjan segitzen du, 345,07ko intzidentzia-tasagaz (azken zazpi egunetan 12 positibo).
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 13.575 proba diagnostiko egin zituzten atz test diagnostiko egin ziren, eta horietatik 643 positiboak izan ziren: 93 Araban, 400 Bizkaian, 139 Gipuzkoan eta 11 erkidegotik kanpo bizi diren pertsonetan.
Atzo COVIDa duten 173 pertsona zeuden ZIUn.