"Auzitegiak herritarron eskubideen babesean aritu dira"
Pandemia garai honetan, askatasun eskubidea mugatu bai, baina ez dela urratu zehaztu du Ordeñanak. Legalitatea moralitateagaz "askotan edo gehienetan" nahasten dela dio.
Azken hilabete luzeetan, eskubide indibidualen urraketak gertatzen ari direla askoren ahotan dabil. Jendartean dauden hainbat eta hainbat zalantza argitu asmoz, Ixusko Ordeñana Gezuraga EHUko Zuzenbide prozesaleko irakasle eta legelari gernikarrarengana jo dugu.
Martxotik hona, zenbaitek eskubide urraketak gertatzen ari direla salatu dute. Egia da hori?
Herritar guztiok daukagun eskubide nagusia askatasuna da, berau zentzurik zabalenean ulertuta (pentsatzeko, adierazteko, egiteko,…), baina batez ere, libreki mugitzeko aukera bezala ulertua. Gure bizitza soziala eraentzen duten lege eta arau guztiek balio nagusi hau errespetatu behar dute, Espainiako Konstituzioak berak jasotzen duelako, bere lehenengo artikuluan. Baina, zalantza gabe, pandemia garaian berau asko mugatu da; martxotik maiatzera guztiz, etxean egotera behartuak egon ginelako, eskolak, empresa asko itxita eta aisialdiko aukera guztiak itxita (tabernak, jatetxeak, zinemak…) Maiatzetik hona askatasuna gutxiago mugatu bada ere, aurretik bizi izan dugunari oraingo egoera gehitzen badiogu, askatasun faltaren sentzazioa nagusi da herritarrongan. Honen aurrean, azalpen eta zuritze juridikoaren bila, esan behar da Espainiako Estatu osoak bizi duen alarma egoerak Espainiako Gobernuari eta Erkidego Autonomikoei askatasuna mugatzeko hartu dituzten neurriak hartzeko aukera ematen diela. Beraz, ezin dezakegu esan, legearekin bat, gure eskubideak urratu direla, baina bai mugatu dira. Era berean, auzitegiak herritarron eskubideen babesean aritu dira, bere funtzio nagusietako bat egikarituz: legearen errrespetua, orokorrean, eta agintariek egiten duten haren aplikazioa bereziki zainduz. Horren adibide ona Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak tabernarien alde emandako erabakia da.
Askatasun indibiduala askatasun kolektiboa hasten denean amaitzen da?
Kasu honetan gatazka ez da norbanakoaren eta kolektibitatearen askatasunaren artean, bigarrena lehenengoen batura baino ez baita. Kasu honetan, pandemia dela eta, osasun publikoa edo guztion osasuna babesteagatik mugatzen da norbanakoaren askatasuna. Auzitegiek kasu honetan proportzionaltasun printzipioa aplikatuz zuritzen dituzte herritarroi jartzen zaizkigun mugak. Eztabaida juridikoa ez ezik morala ere bada, solidaritatea, besteenganako errespetua, eta antzeko balioak mahaigaineratzen direlako. Nik neuk, gizarte heldu batek balio guzti horiek errespetatu behar dituela argi asko daukat, eta Euskal Herria horren eredu izatea gustatuko litzaidake, gure herriak beti zaharrenganako begirune eta errespetu berezia izan dituelako.
Etxetik kanporako ezarritako neurriez gain, etxe barrurakoak ere hartu dituzte agintariek. Adibidez, familia bilkurak mugatu dituzte: 10 lagun, 6, 4…. Horrek juristen artean ere desadostasunak sortu ditu.
Etxe barruko neurri horiek dira zalantza eta eztabaida gehien sortu dituztenak, ez bakarrik bere planteamenduagatik (norberaren jabetzan eta intimitatean sartzen direlako), legearekin bat berauek kontrolatzeko epaile baten agindua behar delako. Hau da, ertzaintza edo Udaltzaingoa gure etxera sartzeko (bizilagun batek telefonoz deitu dielako, esaterako) epaile baten agindua behar dute, osterantzean, arau orokor moduan (salbuespenak egon, badaude, baina ez dira arruntak) legez kontra baitabiltza.
Txertaketen albisteak puri-purian daude. Lanpostu baterako txertoa jartzera derrigortzea legezkoa da?
Egungo araudiarekin ez, ezin da ezein langile behartu txertoa jartzera, ezta osasun arlokoak (sendagile, erizainak,…) ere. Beraz jada kontratatuta dauden langileak txertoa jarri nahi ez izateagatik kaleratzea legez kontrakoa da. Gainera, norberaren osasuna datu intimo bat da eta horren ingurukoen berri ez dago zergatik ugazaba edo empresa gizon edo emakumeari eman behar. Are gehiago, kontratazio berriak egiteko ere, langile aukeraketa egiteko orduan, empresa gizon eta emakumeek hori kontutan hartuko balute (hau da, txertoa hartutako langileak bakarrik kontratatuko balituzte), egungo araudiarekin, legez kontrakoa litzateke, diskriminatzailea eta norbareran intimitatearen kontrako jarduera delako. Beste kontu bat da, legea aldatzea derrigorrezko txertatze hori zilegitzeko, baina ez dut uste egingo denik!
“Etxe barruko neurriak dira zalantza eta eztabaida gehien sortu dituztenak”
Eta pandemia garaian legala da ospitaleetan sartzea ez uztea?
Bere objektu sozialagatik –osasuna zaintzea–, legeak herritarroi mugak jartzea betidanik, pandemia aurretik ere, aurreikusi izan du, batez ere, beraietara edo zati batzuetara –ebakuntza gunea, erradiazio eremuak, jaioberriak, etabar–sartzea mugatuz. Normaltzat jo da. Orain, noski, bizi dugun osasun egoera dela eta, mugak handitu egin dira, medikuntzan bestelako arreta bideei atea irekiz, telefono bidezko kontsultak, esaterako.
PCRa egin eta bigarrena egin arte etxean konfinatuta egotera derrigortzea legala da?
Aplikatzen dituzten osasun protokoloekin bat bai. Hala ere, argitu behar da, protokolo hauek administratiboak direla, beraz, printzipioz, urratzekotan, hau da, lehenengo PCRa eta bigarrena bitartean etxetik ateratzen bazara, zehapen edo isun administratiboak bakarrik ezar daitezke; ez zigor penalak, horiek epaileek bakarrik ezarri baititzazkete. Gainera, zehapen edo isun horien aurkaepaitegietan helegitea jartzeko aukera dago beti. Edozein kasutan, nire ustez, herritar orori, ez bakarrik gazteei, dei egin behar zaie solidarioak izateko, eta kutsatuta egoteko aukera dagoenean isolatuta egoteko.
Bestalde, Ertzaintzak zabaldutako oharretan, “isun proposamen” terminoa zehazten da, eta termino horrek zalantzak eragin ditu. Zer esan gura du? Ez da zuzenean isun bat?
“Proposamen” horrekin herritarrari isun horren kontra alegazioak egiteko aukera ematen zaio, lehenengo, zenbaitetan, isuna ezarri duen Administrazioaren beraren aurrean, eta azken finean, beti, epaitegien aurrean.
Ze iritzi daukazu herritar guztiek arau murriztaile berak ez izateari buruz? Hau da, lurraldez lurralde, askatasun indibidualak era batekoak ala bestekoak izatea zelan ikusten duzu?
Komunikabideetan gai honi garrantzia asko eman diozue, eta nik neuk eta nire inguruko legelariek normaltasunez ikusi dugu. Nire ustez, Espainiak daukan arazo politiko nagusiena bere lurralde antolaketa da, eta galdetzen didazuna haren lurralde antolaketaren isla da. Estatu deszentralizatu batean bizi gara, eta beraz, Autonomia Erkidego bakoitzak, bere eskumenen barruan, bere erabakiak hartzeko aukera eta betebeharra dauka. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak euskadunontzat aproposak eta egokiak diren neurriak hartzen ditu eta horiek ez dute zertan Madrilekoekin edo Galiziakoekin bat etorri behar.
Sarri legalitatea moralitatearekin ere nahasten da, ezta?
Beti ez bada, askotan edo gehienetan. Legea Parlamentuan aritzen diren legelariek egiten dute (Madrileko eta Gasteizko Legebiltzarretan) beraien ideologiarekin bat, ideologia guztiek balio moralak oinarri dituztelarik. Horregatik, oso garrantzitsua da, norberaren borondatearen arabera, gizarteko bizitza politikoan, oro har, eta hauteskundeetan parte hartzea.
PLAZER BAT.