Dendek jantziko dituzte kaleak
Gernika-Lumoko merkatariek neguko merkatua egingo dute bihar, etzi eta astelehenean; eskaintza bereziak izango dituzte
Gernika-Lumoko merkatariek neguko azoka egingo dute. Urteroko zitari hutsik egin gabe, Winter Market antolatu dute berriro. Bihar, etzi eta astelehenean, beraien produktuak eta eskaintzak kalera aterako dituzte herriko dendariek.
10:00etan hasiko da neguko merkatua, bihar, eta iluntzeko 20:00ak arte izango dira kalean. Astelehenean ere ordutegi berean izango dira kalean, saltzen. Zapatuan, berriz, goizeko ordutegian bakarrik egongo dira, 10:00etatik 14:00etara.
Aparteko beherapenak iragarri dituzte Gernika-Lumoko Merkatariak elkarteko kideek, eta herritarrak erakartzeko moduko apustua egin dute egunotarako. Hain zuzen, kale animazioa izango dela iragarri dute, eta ostalaritzan kontsumitzeko promozio bereziak ere izango dira Winter Marketera doazenentzat.
Era berean, haurrentzako barrakak ipiniko dituztela jakinarazi dute merkatariek.
Hainbat kaletan. Hain zuzen, herriko zazpi kale hartuko ditu aurten neguko azokak: Ocho de enero, Barrenkale, Adolfo Urioste, Santa Maria, Domingo Alegria plaza, Domingo Bernaola eta Artekalea.
Elkarteko merkatariek gernikarrei dei egin diete bihar bertan hasi eta astelehenera arte luzatuko den kaleko azokara hurbiltzeko.