Bermeoko liburutegia itzulketak eta maileguak egiten hasi da asteon
Hitzordua eskatu behar da, eta goizeko ordutegia daukate: 09:00etatik 14:00etara.
Bermeo eremu gorrian sartu zenetik, udal liburutegia zarratuta egon da. Asteon, hala ere, itzulketak eta maileguak egiten hasi da. Hala, liburutegiko erabiltzaileek etxean duten materiala itzuli ahalko dute, bai eta berria hartu ere. Hori bai, aurretiaz hitzordua eskatu behar dela azaldu dute. Goizeko ordutegia daukate: 09:00etatik 14:00etara.
Erabiltzailea liburutegiarekin harremanetan jarri beharko da helbide elektronikoz (liburutegia@bermeo.eus) edo telefonoz (94-617 91 51). Ondoren, itzuliko duen edo gura duen materiala zehaztu beharko du. Azkenik, liburutegiko langileek eguna eta ordua zehaztuko diote eta bertara hurbildu beharko da material hori hartu edo uzteko.
Esan duetenez, behar beharrezkoa izango da indarrean dauden segurtasun eta osasun neurriak betetzea. Materialak, gainera, %100ean seguruak izango direla jakitera eman dute.