Bermeori zaila egiten ari zaio gune gorritik ateratzea
Gernika-Lumoko intzidentzia-tasa nabarmen jaitsi da azken egunetan. Osasun Sailak gaur emandako datuen arabera, azken orduetan sei positibo zenbatu dituzte Busturialdean.
Aurreko egunekin alderatuta, positiboek behera egin dute Bermeon azken bi egunetan; hiru eta lau kasu zenbatu dituzte, hurrenez hurren. Hala ere, gune gorrian jarraitzen du kostako udalerriak, 928,44ko intzidentzia-tasarekin. Bermeo da eremu gorrian dagoen eskualdeko udalerri bakarra. Bermeoko Udalak herritarrak kontzientziatzeko bideo bat egin du. Gune gorrian egonda, taldeko kirola eta eskola-kirola ezingo da egin udalerrian.
487,86ko intzidentzia-tasagaz, gune gorritik gune laranjara pasatu zen martitzenean Gernika-Lumo, eta intzidentzia-tasak behera egiten jarraitzen du. Osasun Sailak emandako datuen arabera, atzo positibo bakarra zenbatu zuten Gernika-Lumon. Gune laranjan jarraitzen badu ere, intzidentzia-tasa orain 380,77koa da.
Mundakan ere positibo bat atzeman zuten atzo; 434,07ko intzidentzia-tasa daukate mundakarrek. Denatara, hortaz, Busturialdean sei positibo zenbatu zituzten atzo.
Dena den, EAEko Auzitegi Nagusiak ostalariek jarritako helegitea onartu eta eremu gorrian dauden herrietako tabernak eta jatetxeak zabaltzeko baimena eman zuen martitzenean. Hortaz, gune gorrian egonda ere, zabaltzeko aukera daukate ostalariek. Batzuek berehala zabaldu dituzte ateak, beste batzuek, berriz, biharko Labiren batzarraren zain geratu dira.
Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako datu orokorrei dagokienez, 13.820 test diagnostiko egin zituzten atzo, eta, horietatik, 684 positiboak izan ziren: 100 Araban, 386 Bizkaian, 187 Gipuzkoan eta 11 erkidegotik kanpo bizi diren pertsonetan.
COVID-19aren ondorioz 70 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta 167 pertsona zeuden ZIUn.