Mundakan ere ez da aratusterik ospatuko
Aurten ez da Atorren eta Lamien kalejirarik egongo eta udalerriko sarbideak kontrolatuko dituzte domekan. Mundakako alkateak "erantzukizunez" jokatzea eskaera egin du.
Euskal Herriko aratusteetan erreferenteak dira Mundakako Aratusteak, eta mundakarrentzat euren kultur ondarearen parte dira. Aurten, hala ere, aratusterik ez ospatzea erabaki dute. Mundakako Udalak eta herriko kultur elkarteek hartutako erabakia dela esan du Mundakako alkate Mikel Bilbaok, gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Aurten, hortaz, ez da Atorrik eta Lamiarik egongo Mundakako kaleak girotzen, “ez da jairik egingo”.
“Mundakarrontzat aratusteak bakarrak dira, gure folklorerik berezkoena, bereizten eta identifikatzen gaituen tradizioa. Aurten, baina, ez dira osasun baldintzak betetzen jai hauek beti ospatu izan ditugun moduan ospatzeko, kalean, lagun arteko bazkariekin, kalejira jendetsuekin, zaratagaz, musikagaz…”, esan du alkateak. “Lehentasuna” pertsonen osasuna zaintzea dela esan du, eta birusaren hedapena saihestea.
Aratusteak ez ospatzea erabakitzea “gogorra” eta “tristea” izan dela aipatu du Mundakako alkateak, eta eskatu du 2022ko aratusteak ospatzeko ilusioa gordetzea.
Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurrien eraginez, udalerri guztiak perimetralki zarratuta badaude ere, domekan herriko sarbideetan kontrolak areagotuko dituztela azaldu dute: ibilgailu partikularretan, trenean edota autobusetan. Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren kontrolak egongo direla zehaztu du.
Era berean, herritar guztiei eskatzen die herriko txoko, lonja eta antzekoetan bazkaririk ez egiteko, ezta biltzeko ere: “Egun normal bat izango balitz modura jokatzeko eskaera egiten dugu”.
“Erantzukizunez” jokatzea eskatu du Mundakakako alkateak: “Jai egun bategaitzik ez du merezi orain arte egindako guztia zapuztea eta herriko egoerak txarrera egitea”.
Orain dela hilabate elkarteekin bilduta egon zirenean, horietako ordezkariek etxebizitzetako balkoiak eta leihoak apaintzeko proposamena egin zutela jakitera eman du Bilbaok. Dioenez, Mundakako Udaletik ez dute proposamena txarto ikusten, betiere, egoera zein den jakinda.