LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak "arrakasta" izan duela dio Jaurlaritzak
Europako Batzordeko ikuskatzaileek proiektuak 2020an izandako aurrerapena baloratu dute. Iaz egindako jarduketen baitan, Bermeoko Tonpoiko gune naturala berreskuratzeko lanak daude.
Eusko Jaurlaritzatik jakitera eman dutenez, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak “arrakasta handia” izan du Europako Batzordeko ikuskatzaileek egindako bisitan. Proiektu horren baitako jarduketen barruan daude Bermeoko Tonpoiko gune naturala berreskuratzeko lanak.
Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak egin zituen lehen faseko lanak, Bermeoko Udalarenak diren lurretan. Tonpoia balioan jartzeko eta gune natural horri behar bezalako garrantzia emateko proiektua da egin dutena. Lehenengo fasean egin duten pasealekuak 300 metroko luzera eta 1,5 metroko zabalera dauka.
LIFE UP Urban Klima 2050 proiektuak jarduketa pilotuak gauzatzen ditu Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hiriburuetan, bai eta beste lau udalerritan ere: Bakion, Bermeon, Gernika‑Lumon eta Zarautzen.
LIFE UP Urban Klima 2050 Bizkai, Araba eta Gipuzkoako klima ekintzaren alorreko proiekturik garrantzitsuena dela azaldu dute. Proiektuak klimaren ondorioetara egokitzeko eta ondorio horiek murrizteko 40 ekintza barneratzen ditu. Aipatu ekintza horiek Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hiru eremu geografikotan gauzatzen dira: kostaldean, ibaietako arroetan eta hiri eremuetan.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Ihobe sozietate publikoak zuzentzen du proiektua, eta hogei erakundegaz batera lan egiten du. Horiek guztiek Europako Batzordeko ikuskatzaileak eta monitorizazio taldeko arduradunek bilera egin zuten orain dela egun batzuk. Izan ere, Jaurlaritzak azaldu duenez, Europako LIFE programak ekimenaren %52 finantzatzen du (19,8 milioi euroko aurrekontu osotik 10 milioi euro inguru).
Proiektuaren EBko arduradunak erakundeko kideek egin duten ahalegina baloratu du, COVID‑19ak sortutako zailtasunak kontuan hartuta. Adierazi du Urban Klima 2050en bidez, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako sektore politiketan klima aldaketa txertatzeko lana beste eskualde batzuetara transferitu daitekeen jardunbide egokia dela.
Duele urtebete abiatu zuten proiektua, eta pandemiaren ondorioz aurreikusita zituzten ekimen batzuk abiarazteko “zailtasunak” eduki dituztela azaldu du Jaurlaritzak. Hala ere, plan alternatiboak garatu dituztela gaineratu dute, “lehen mugarrietako batzuk beteta”.