Ezetz jakin egunean behin lehiatuko da aurrerantzean
Hain zuzen, 'Egunean behin' aplikazioa erabilita egingo du Berbalagunek lehiaketa
Gernika-Lumoko Berbalagunek antolatzen duen ‘Ezetz Jakin’ lehiaketak bide digitala hartuko du aurrerantzean. Osasun larrialdi egoera dela eta, azkenaldian lehiaketarik ez da egin, paperezko formatua herritarrengana helarazteko arazo ugari izan dituztelako. Hori dela eta, teknologia eta bide digitalari heltzea erabaki dute lehiaketaren antolatzaileek. Hala, aurrerantzean Egunean behin aplikazioa erabiliko du Berbalagunek Ezetz Jakin lehiaketa egiteko. Joko horren dinamikara egokituz, astelehenero banatuko dituzte sariak herri mailan.
Asteroko sariak sailkapenaren arabera emango dituzte. Hain zuzen, irabazleak herriko ostalaritzako, merkataritzako edo zerbitzuetako establezimenduetan “euskaraz” gastatzeko 50 euroko bonoa hartuko du asteko irabazleak. Gainera, parte-hartzaile guztien artean Praktikatu zerbitzuaren materiala eta 20 euroko bono-saria zozketatuko dituzte. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, denboraldiko behin bakarrik hartu ahal izango da saria.
Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan eman dituzte azalpenak gaur, prentsaurrekoan. Gaur egun Berbalagun egitasmoaren arduraduna den Mikel Fidalgok azaldu duenez, lehiaketan parte hartzeko 16 urtetik gorakoa izan behar da. Egunean Behin aplikazioan izena eman eta deskargatu ostean, mezu bat bidali behar da gernika_berba@aek.eus helbidera, telefono zenbakia eta Egunean Behin aplikazioan erabiliko den izena edo ezizena zehaztuz. Hori egin ostean, taldean sartzeko zert egin behar den azalduko diete arduradunek parte-hartzaileei.
Otsailaren 15ean hasiko dira Berbalagunkideak Egunean Behin aplikazioa erabilita lehiatzen. Hala ere, Fidalgok argi utzi du jendea edozein momentutan gehitu daitekeela lehiaketara.
Hemezortzi urte. 2003-2004 ikasturtean ipini zuten martxan AEK-k eta Gernika-Lumoko Udalak Berbalagun egitasmoa. Euskaraz berbetako talde presentzialak sortzeaz gain, bestelako egitasmoak sortzeko asmoa ere bazuten. Hala, 2004-2005 ikasturtean egin zuten lehenengoz Ezetz Jakin lehiaketa. Berbalagun egitasmoaren bultzatzaile Pili Ibarrak azaldu duenez, lehiaketa hori izan da bere “kuttuna”, eta gogoan du hasiera nolakoa izan zen: “Gu euskaldunak lehiakorrak gara eta galdera batzuk prestatzea eta zabaltzea pentsatu genuen”. Orduz geroztik, herriko taberna eta jatetxeen laguntasuna izan du lehiaketak. “Asmoa zen kalean lehiaketa eta euskara kalean zein tabernetan presente egon zedin, euskaraz komunikatzeko”. Etxeetara ere heldu da lehiaketa, eta inoiz Madriletik ere erantzunak jaso izan dituztela azaldu du Ibarrak. Berbalagun egitasmoaren buru egin dituen urteak “pozgarriak” izan direla esan du.
Mintzapraktika egiteko taldeak ere badira Berbalagun egitasmoaren parte, eta horiek martxan daudela gogoratu du Fidalgok. “Osasun eta babes neurriak hartuta, taldeetan parte hartzeko aukera badago”. Astero-astero hitzordua mantentzen duten taldeak badaude. Gainera, egoera kontuan hartuta, mintzapraktika horiek online egiteko aukera ere emango dutela gaineratu du Fidalgok. Parte hartu gura duenak euskara zerbitzura (94- 627 02 05) zein Gernika-Lumoko AEKra (94- 625 35 96) deitu edo gernika_berba@aek.eus helbidera deitu beharko du.
Eskerrak egindako lanagatik. Gernika-Lumoko Udaleko Euskara zinegotzi Iñigo Magunazelaiak ere berba batzuk izan ditu Ibarrarentzat. “Zoriondu eta eskerrak eman behar dizkiot urte guzti hauetan aurrera eraman dituen egitasmo guztiengatik”. Fidalgori, berriz, animoak eman dizkio zinegotziak, “egoera gogor batean gaudelako eta edozein proiekturekin aurrera egitea zaila den arren, proiektu eta egitasmo berriekin ere ondoan izango gaituzue kontu emateko”.