Bermeoko Udalak bideo bat prestatuko du aratusteei begira
Herritarrek aurreko urteetako aratusteetako argazkiak bidali ditzakete. Barikua da horretarako azken eguna.
Aratusteei begira, zerbait “berezia” egin gura du Bermeoko Udalak. Modu horretan, bideo bat prestatuko dutela iragarri dute. Bideo hori herritarrek bidalitako argazkiekin osatu gura dute, horregatik, herritarrak parte hartzera animatzen dituzte.
Aurreko urteetako aratusteetako argazkiak bildu gura dituzte bideoa osatzeko. Argazkiak barikuko 14:00ak arte batuko dituztela jakitera eman dute; jaibatzordea@bermeo.eus helbide elektronikora bidali beharko dira. Mezu bakoitzean argazki bakarra bidali behar da, eta pertsonako gehienez lau argazki. Argazkiak horizontalak izatea eskatu dute, eta ahalik-eta kalitate handienagaz.
Sortutako bideoa aratuste martitzenean (otsailak 16) zabalduko dute Bermeoko Udalaren sare sozialetan eta Oizmendi Telebistan.
“Bermeok bizi duen egungo egoera dela eta, aurten ezinezkoa izango da aratusteak ospatzea. Hala ere, egun honek herrian duen garrantzia kontuan hartuta, ekimen berezi hau egitea erabaki da. Seguru gaude bermeotarrek argazki bikainak dituztela etxean”, esandu kultura zinegotzi Alazne Zumetak.
Beste alde batetik, jakitera eman dute otsailerako aurreikusita zeuden ekitaldi kultural guztiak atzeratzea erabaki dutela. Datozen asteotan, eta “betiere egoeraren arabera”, data berriak iragarriko dituzte.
Spookypheriakoek ere argazkiak batzen. Otsailaren 20an izan behar zen Spookypheria Productions elkarteak antolatzen duen 80. hamarkadako jaialdia. Aurten, jaialdia ospatzea ezinezkoa izango denez, Facebook sare sozialean, aurreko urteetako argazkiak elkarbanatzeko deia egin dute. Argazkiak igo eta @80spartybermeo izendatzea eskatu dute.