Bermeoko Udalak bideo bat egin du herritarrak kontzientziatzeko
Arlo desberdinetako bermeotarrek parte hartzen dute bideoan, mezu desberdinak zabalduz.
COVID-19aren datuak “kezkagarriak” dira Bermeon duela zenbait astetik. Hilabete baino gehiago darama udalerriak eremu gorrian. Datuek hobera egiten ez dutela ikusita, Bermeoko Udalak herritarrak kontzientziatzeko bideo bat zabaldu du.
Denon artean egingo dugu ziaboga izena jarri diote bideoari. Aipatu ikus-entzunezkoan, adin eta esparru ezberdinetako bermeotarrek parte hartzen dute: gazteek, kultu arloko eragileek, osasun langileek, tabernariek… Lanaren helburua “argia” dela diote udal arduradunek: “Udalak eskura dituen baliabide guztiak erabiltzea COVID-19aren transmisioa ahalik eta gehien txikitzeko”. Modu horretan, bideoko protagonistek mota desberdinetako mezuak zabaltzen dituzte: “Izan gaitezen solidarioak”, “egizu gugatik”, “ez bilatu errudunik”, “denon eskuetan dago egoerari aurre egitea”…
Bermeoko alkate Aritz Abaroak esan du “oso kezkatuta” daudela Bermeoko datuekin: “Hilabete daramagu alarma gorria egoeran eta datuek ez dute hobera egiten. Gure egunerokoan pandemia honek zer nolako ondorioak dituen argi izan behar dugu: osasun arazoez gain, bermeotar askoren ogibide diren taberna eta jatetxeak baldintza ziurgabean lanean egotea, ume eta gazteen aisialdiko guneak mugatuta, kirol aukerak murriztuta, kultur ekintzak antolatzeko zailtasunak, maite ditugun pertsonekin egoteko mugak… Gure esku dagoen guztia egin behar dugu egoera gainditzeko eta hori izan da bideo honen mezu nagusia: denon artean lortuko dugula eta denon konpromisoa beharrezkoa dela egoerari buelta emateko. Seguru nago guztion artean egingo dugula ziaboga”.
Bermeoko Udalak eskerrak eman gura dizkie bideoan parte hartu duten herritar eta eragile guztiei.
Hemen bideoa ikusgai: https://we.tl/t-HLya7BlG3t