Gernikak hondakin gehiago bildu eta gutxiago sortu du 2020an
Merkataritzako eta etxeetako zabor bilketak %1 egin du gora azken urtean. Gainera, %5 zabor gutxiago sortu da herrian, azken urtean
Zaborren kudeaketak Gernika-Lumon utzi dituen emaitzekin pozik da udaleko Ingurumen saila. Izan ere, birziklatzeak gernikarren artean eragina izaten jarraitzen duela adierazi dute. 2020ko datuei erreparatuta, etxeetan eta merkatal guneetan 2019an baino 6 tona hondakin gehiago bildu dituztela aipatu dute udal arduradunek. Era berean, herrian sortu den hondakin kopurua %5 jaitsi dela aipatu dute. Zehatz, 2020an 6.355.198 kilo hondakin sortu ziren Gernika-Lumon.
2020an gora egin du ontzien, altzarien eta materia organokoaren bilketa, baita hondakin berrerabilgarriak biltzeko bosgarren edukiontziaren erabilera ere. Olioa berreskuratzeari dagokionez ere, 2019an baino litro gehiago batu ziren 2020an. Pandemia egoeraren eragina ere somatu da, beiraren, paperaren eta kartoiaren bilketan, hain zuzen. Hiru hondakin-mota horien bilketak behera egin du azken urtean, osasun murrizketen eraginez ostalaritza itxita egon delako.
Maria Uribe Ingurumen zinegotziak gernikarrek egindako ahalegina aitortu eta eskertu du, eta ingurumena babesteko lanean jarraitzera dei egin die: “Gero eta beharrezkoagoa da garbigunearen kudeaketa eraginkorra, eta kontzientzia hartu behar dugu hondakin gutxiago sortzeko”. Gaineratu du hondakinen bereizketa egitea garrantzitsua dela “hondakinak tratatzeko instalazioetara dena iritsi dadin eta material hori gehiena berriro erabili ahal izateko”.
DATUAK, GAIKA:
ONTZIAK: 323.800 kilo (2019an 290.162 kilo).
ALTZARIAK: 246.960 kilo (2019an 229.770 kilo).
MATERIA ORGANIKOAK: 199.220 kilo (2019an 191.580 kilo).
ERABILITAKO OLIOA: 14.196 litro (10.720 litro).
BEIRA: 488.957 kilo (2019an 547.646 kilo).
PAPERA ETA KARTOIA: 577.392 kilo (2019an 615.125 kilo).
BOSGARREN EDUKIONTZIA: 70.425 kilo (64.760 kilo).