Galdu baino, zabaltzea merezi
Bermiotarra proiektua sortu du Iban Bilbao bermeotarrak. Udalerriko berba eta esamoldeak aurki daitezke bertan; 1.500 inguru daude, baina zabalik dago beste edozein berba sartzeko aukera.
Batzuentzako ezagunak eta beste batzuentzako ezezagunak diren berba eta esamolde asko dauzka Bermeoko hizkerak; horietako asko eta asko itsasoagaz lotuta daude, baina ez denak. Horietako asko zenbait liburutan jasota daude. Material horrek apaletan geratu eta galdu baino, zabaltzea eta hedatzea merezi duela iritzita, Bermiotarra proiektua sortu du Iban Bilbao bermeotarrak: http://zital-pi.no-ip.org/bermiotarra/.
Begoña Bilbao Albonigak 2002an kaleratutako Bermeoko berba eta esamolde kresaltsuak liburuan oinarrituta dago Bermiotarra proiektua. Alfabetikoki modu erraz batean aurkitu daitezke Bermeoko berba eta esamoldeak.
Gotzon Garitaonaindia euskaltegian ezagutu zuen Iban Bilbaok Begoña Bilbaok idatzitako Bermeoko berba eta esamolde kresaltsuak liburua. Euskal telebistan lan egiten du, eta Euskararen agiria atera gura zuen, “nahiz eta euskaldun zaharra izan”.
Liburua etxera eroan eta berba eta esamoldeak irakurtzen barre pilo bat egin zuela dio. Gustukoa zuenez, erosi gura izan zuen, uste duelako merezi duela mota horretako liburu bat etxean edukitzea. Liburuaren bila hasi eta ez zuen aurkitu, “deskatalogatuta” zegoelako. Antzinako erara, hortaz, fotokopiak atera zituen. Baina horregaz zerbait egin behar zela pentsatu zuen, eta 2016. urtean liburua digitalizatzen hasi zen. 500 orrialde ziren, eta urte bat baino gehiago egin zuen lan horretan murgilduta: “Orrialde bakoitzari argazkia ateratzen nion, ondoren irudia testura pasatzeko prozesua egiten nuen, eta gero, dena berrikusi behar nuen, ez delako teknologia perfektua eta letra batzuk ez direlako ondo sartzen. Eguneko bost argazki-edo egiten nituen”.
Lan hori egiteko ezin izan dio baimenik eskatu liburuaren egileari, hil egin baitzen. Hala ere, hark idatzitako liburuan honakoa irakurri daitekeela dio Bilbaok: “Horrez gain, besteren bat edo beste batzuk lan honi jarraipena ematen edo zuzenketak egiten animatzen badira (bizirik banago), aurkituko naute”.
“Etikoa”. Bilbaok badaki liburu horren atzean “lan handia” dagoela, hala ere, edukia ez da berak asmatutakoa; “ez diot meritua kendu gura”. Bilbaoren ustez, “maila altuagoan dagoen lana” da: “Bermeoko herriaren ondarea da, eta berba eta esamoldeak bermeotarrei esker lortu ditu. Uste dut Bermeoko Udalaren diru laguntza izan zuela lana egiteko. Mota horretako lan bategaz jarraitzea ez dakit legala izango den, baina uste dut etikoa dela. Eta uste dudanez etikoa dela, legala den edo ez, berdin dit”. Bilbaok uste du, hortaz, egin behar den gauza bat egiten ari dela.
“Pertsona batek esan zidan etxeko apalean edukitzeko liburua gura zuela. Apalean ondo dago, baina, gaur egun, horrelako gauza bat ezin daiteke apal batean geratu”. Hedatzeko eta plazaratzeko lana dela deritzo, “gazte eta ez hain gazteek Bermeoko berbak eta esamoldeak ezagutzeko”.
Hori kontuan hartuta, pentsatu zuen ideia ona izan zitekeela Interneten sartzea eta sare sozialetatik (Mastodon, Twitter, Instagram…) zabaltzea. Bere sare sozialetatik egunean berba edo esamolde bat zabaltzen du. Egunero 11:00etan argitaratzen du berba ezberdin bat. Erromantikoei esan gura die, hala ere, ez dela egunero-egunero sare sozialetara sartzen berba edo esamolde bat idazteko. Automatizatuta dauka prozesua.
Jadanik, 600 berba eta esamolde inguru argitaratu ditu. Profilean begiratuta, egunean gutxi gorabehera 100 ikustaldi edukitzen ditu argitalpenak. Kopuru “polita” dela uste du, hala eta guztiz ere, haren ustez, beste bide batzuen bidez zabaltzea ere ondo legoke: “Esaterako, hilero etxebizitzetan jasotzen dugun Bermeon Zer? Kultur agenda horretan argitaratzea ondo legoke”. Uste du modu gehiago badaudela Bermeoko berba eta esamoldeak ezagutzera eman eta zabaltzeko: “Nik neuk nire denbora librean hau egin badut, euskara munduan edota udalean lanean ari diren horiek bultzada handiagoa eman diezaioketela uste dut. Agian, copyright delakoagatik izan daiteke ezer ez egitea. Uste dut lan hau Begoña Bilbao baino harago doala, eta bere berba garrantzitsuagoa dela bestea baino”.
Gogorarazi duenez, Joseba Mikel Ugalde bermeotarrak ere badauka Ai gure Bermio: esakerak eta izakerak argitaratuta. Bere berbak Bermiotarra proiektuan sartzea “zailagoa” izan dela aipatu du. Dena dela, bere liburua ere aurkitu daiteke Bilbaok sortu duen webgunean. Hori, gainera, copyright ez den beste lizentzia bategaz eginda dagoela dio: Creative Commons CC-BY-NC-SA. “Uste dut horrelako lanak egiten direnean, merezi duela mota horretako lizentziak erabiltzea. Ez delako hasiera eta amaiera duen istorio bat. Bizirik dagoen zerbait da, osatzen joan daitekeena”.
Izan ere, Bermiotarra proiektuak Begoña Bilbaoren liburuan oinarria badu ere, hazten joan da. Osatzen joan da, bai eta zuzentzen ere. Jendeak esandakoak ere sartzen ditu proiektura, beraz, zabalik dagoen proiektua dela gogorarazi gura du: “Gura duenak parte hartu dezake berba edo esamolde gehiagogaz”. Inork interesik balu, webgunean bertan aurkitu daitezke Iban Bilbaogaz harremanetan jartzeko moduak.
Lizentzia librean sortu du bere proiektua Bilbaok, eta erabili duen softwarea argitaratuta dauka: “Besteren batek erabili ahalko luke nik egindakoa beste proiekturen baterako. Arazo teknikorik ez luke edukiko, hortaz”. Bide beretik, erakunde publikoei ere mota horretako proiektuak libre uzteko eskaera egin die.
Mota guztietako esamoldeak aurkitu daitezke; 1.500 berba eta esamolde inguru daudela uste du. Egun bakoitzeko bat sartuta, bost urterako berba eta esamoldeak dituelakoan dago. “Amaitu orduko, agian, Instagram zarratuko dute”.
Mugikorretan ere bai. Informatikaria da lanbidez, eta euskara gustukoa du. Biak uztartu ditu proiektu hori martxan jartzeko. Euskararenganako militantzia “beti barruan” eroan izan du.
Hasierako lana “gogorragoa” izan bazen ere, orain “modu errazean” egiten du dena. “Leku batean gauza bat aldatuta, guztietan aldatzen da, automatizazioa eginda dagoelako. Modu horretan ez da horren astuna lanagaz jarraitzea”. Gaur egun, ia ez dio eskaintzen denborarik lanari: “Orain berba berriak sartzeko edota akatsak zuzentzeko baino ez naiz sartzen”.
Proiektuagaz asko ikasi du, bai hizkuntza mailan bai eta teknikoki ere. Azaldu duenez, lehen erabiltzen ez zituen zenbait esamolde ere sartu ditu bere egunerokoan. Udan, esate baterako, frakarroiek erabiltzen du bainujantzia erabili beharrean. “Nire lagunek ere frakarroiek erabiltzen dute, niri entzunda”. Asko gustatzen zaion beste esamolde bat da hamalaugarren mutilagune: “Gaztelaniazko ‘eramos pocos y pario la abuela’ esamoldearen baliokidea da”. Nabarmentzekoa dela dio, berriz, Bermeon hain ezaguna den txo: “Gaztelaniazko ‘tio’ entzuten da orain txo entzun beharrean”.
Bermiotarra proiektuaren webguneak bi urte inguru daramatza martxan, eta telefono mugikorretan ikusteko ere prestatuta dago; “gaur egun beharrezkoa da”. Batzuek ezagutzen baldin badute ere, jende gehiagorengana zabaltzea gurako luke.
Argi utzi gura du Bermiotarra ez dela proiektu pertsonal bat: “Begoñak hasitakoa zabaldu eta hedatu gura izan dut”, zehaztu du. Beste batzuen artean, Jose Anton Renteriak hari esandako hainbat berba eta esamolde biltzen ditu Begoñaren liburuak, eta bera ere Renteriagaz batzekoa dela aipatu du, baina koronabirusak sortutako egoera tarteko, oraindik ezin izan dutela: “Berba eta esamoldeen zerrenda bat daukat jasota, eta beragaz egon gurako nuke proiektura gehitu orduko”.