Orekari eusteko beharra
Arnasgune diren udalerrietan edozein proiekturi buruzko Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egin behar dute. Arritxu Zelaia natxituarrak HAPOen eragin linguistikoa aztertu du hainbat udalentzat.
Faktore demografikoek euskararen ezagutzan eragiten dute. 2015ean Gaindegiak egindako azterketa batean ondorioztatu zuten arnasguneetan euskararen ezagutzaren jaitsieraren faktorerik esanguratsuenetako bat faktore demografikoak zirela. Nabarmentzen zen aztertutako arnasguneetan ezagutza jaitsi zela biztanleria hasi zelako, hein handi batean.
Kezka horretatik abiatuta, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioaren ibilbidea hasi zela azaldu du Arritxu Zelaia hizkuntza aholkulari natxituarrak. Proiektu batek hizkuntzan ze eragin izango duen jakiteko balio du balorazio edo azterketa horrek. Hau da, hizkuntzan ze eragin izango duen neurtzea da helburua.
Neurketa horri buruzkoak izan ziren Lurraldea & Hizkuntza jardunaldien hastapenak. UEUren laguntza teknikoagaz, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Kontseiluak 2014an ekin zioten Lurraldea& Hizkuntza jardunaldien antolaketari. Aurten bosgarren ekitaldia egin dute, eta bertan udalerri euskaldunen eta arnasguneen garapenean zelan eragin landu dute.
Urtarrilaren 23ko Lurraldea& Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz jardunaldian, Zelaiak eta Nora Erdozia arkitektoak garapen jasangarria arkitektura ikuspegitik eduki zuten hizpide.
Hizkuntza aholkulari moduan, Zelaiak hainbat udalerritako HAPOren eragin linguistikoaren balorazioa egin du. Besteren artean, Munitibarkoa egin zuen 2016an.
Azken hamarkadetan biztanleriaren gorakada nabarmena eduki dute hainbat udalerrik. Berton badira azken urteetan asko hazi diren herriak. Horrek hizkuntzan eragiten du; hizkuntzaren ezagutzan, erabileran, harremanetan… eragiten du. “Ez da kontua arnasgune barik itogune bihurtzea. Kontua da oreka mantentzea eta oreka hori denentzat mesedegarria izatea. Euskararentzat ona dena herriarentzat ere ona da. Ez dugu esaten egin behar ez denik, esaten duguna da oreka bat behar dela, eta oreka hori ez bada zaintzen, beste oreka guztiak ere apurtu egiten direla”, dio Zelaiak.
Erakunde publikoen erabakiek daukaten eragin linguistikoaren jakitun dira agintariak eta, esaterako, Uematik horretan ari dira lanean.
Dekretua
2019an ateratako 179/2019 Euskadiko Toki Erakundeen Hizkuntza Ofizialen Erabilera Instituzionala eta Administratiboa Normalizatzeari buruzko dekretuan, besteren artean arautzen da eragin linguistikoaren ebaluazioa egin behar dela proiektuetan.
Dekretu horretan zehazten da %80ko ezagutzatik gorako udalerriak direla arnasguneak. Horiek edozein proiektu ebaluatu behar dute hizkuntza alderditik: “Proiektu guztietan egin beharko lukete ebaluazioa, turismo plan bat egiten bada, adibidez. Eta arnasgune ez direnek hirigintzako proiektuak ere ebaluatu behar dituzte”.
Era berean, udalerri guztietan, –arnasgune izan edo ez izan–, lehenengo irismen dokumentua egin behar dute. Adibidez, zenbat etxebizitza berri eraiki nahi diren ipini, eta euskararen proiekzio indizea ateratzeko da: “Zehazten digu euskara hainbeste jaitsiko litzatekeela. Kasu horretan, azterlana edo ebaluazioa egin behar da. Euskara ez litzatekeela jaitsiko aterako balitz, ez lukete azterlanik egin beharko. Hala, arnasguneetan beti egin behar da azterlana».
Herri batzuetan «benetan barneratu» dela azpimarratu du. “Honetan pentsatzen hasi zenetik, metodologia zehaztera eta dekretua ateratzera, berez, ibilbide oso azkarra izan du honek. Baina, oraindik, ibilbidea dauka egiteko”.
Hizkuntzagaz lotutako teknikari eta bestelako profesionalak eta zenbait agintari jakitun direla dio Zelaiak, eta badabiltzala horretan ibilbide bat egiten. Orain, hirigintza arloko jendea honetaz jabetzea falta dela gaineratu du. “Hirigintza arloko jendearen inplikazioa eta udalen inplikazioa, noski, ezinbestekoa da honek behar bezalako ibilbidea izan dezan. Denok jabetu behar dugu egiten ditugun gauzek ondorio bat daukatela. Ez dira gauza neutroak. Hemen etxe bat egiten dut, bi marra egiten ditut, eta listo. Etxe hori nolakoa egiten duzun, ze altueratakoa… horrek eragina dauka herri horretako bizitzan. Argi dago ez dela hori bakarrik, baina horrek lagundu dezake edo zaildu dezake egiteko moduaren arabera”.
Orain, Usurbilgo HAPOren eragin linguistikoaren ebaluazioa egiten ari da Zelaia, eta Erdozia da hango HAPOren erredaktorea. «Norak ikuspegi oso zabala dauka hirigintza arloan, eta biok geure buruari galdetu genion ea zer izan daitekeen mesedegarri arnasguneentzat hirigintza arkitektura ikuspegitik». Euren esperientziagatik ikusi zuten bi elementu zirela gakoak edo funtsezkoak: oreka –hainbat alderditan– eta harremanetarako espazioak sortzea.
Oreka, arlo askotan
Orekari dagokionez, hainbat arlo zehaztu dituzte. Horietako bat da oreka kopuruan. Arnasgune gehienak herri txikiak dira biztanleriari dagokienez.
Natxituarraren arabera, bi errealitategaz egiten da topo askotan: “Batetik, batzuek presio urbanistiko handia daukate. Agian, hiri edo herri handietatik gertu dautelako, edo erakargarriak direlako turistikoki. Bestetik, batzuek lanak dituzte biztanleei eusteko, eta ahal den heinean haztea dute helburu. Adibidez, etxeak egin eta biztanleria bikoiztuko balitz, 100 biztanleko udalerria 200goa izatera pasatuko balitz, horrek oreka hautsiko luke. Ez baduzu ondo erregulatzen, kopuruan ez badago oreka jakin bat, horrek hizkuntza aldetik zaurgarriak diren eremuetan bete-betean jotzen du. Arnasgune txiki batean 500 etxebizitza egiten badituzu, horrek eragina dauka”.
Beste oreka bat dimentsioa eta tipologia arlokoa da. Hau da, etxebizitzak nolakoak diren: “Horrek ere eragina dauka. Adibidez, lehenagotik daudenak baserri etxeak eta kale etxeak badira eta etxe berriak urbanizazio itxi batean egindakoak badira –erdian igerileku bategaz, beheko solairuetan 2 m-ko hesiekin–, eta euren arteko konexiorik ez badago. Adibide hori erreala zen, auzo berri bat egin zuten, eta harremanetarako espazio, leku, ekipamendu eta estetika edo tipologia gabe. Eta horrek eragin nabarmena dauka etorriberrien eta lehendik daudenen arteko integrazioan”.
Noiz eta norentzat
Beste bat da eskaeraren eta eskaintzaren arteko oreka. Alegia, norentzat egiten diren etxeak, bai dimentsio aldetik, bai prezio aldetik. “Dagoen eskaera baino gehiago egiten badira, adibidez, herri turistiko batean dagoen herritarren eskaera baino gehiago eginez gero, agertu litezke inbertsio funtsak, eta bestelako mugimendu bat sortu liteke. Edo gehiegizko preziokoak baldin badira, agian herritarrentzat ez dira eskuragarriak eta herritarrek alde egin beharko dute hortik”, azaldu du. Horregatik, babes ofizialeko, etxebizitza libre eta tasatuen artean oreka egotea “behar-beharrezkoa” da arnasguneei begira.
Lurraldean edo herrian kokapenean oreka mantentzea ere funtsezkoa dela zehaztu du Zelaiak. Adibidez, herriak lau auzo badauzka eta hizkuntza aldetik auzorik zaurgarrienean pilatzen badira etxebizitza guztiak, edo herri handiago batean etxebizitza berri guztiak bazter batean egiten badira, “ondo banatzen” ez badira, horrek “kaltea biderkatu” dezakeela dio.
Hirigintza-plangintza arloan oso garrantzitsua da baita ere oreka denboran. HAPO bat egiten denean, etxebizitza guztiak egiten badituzte bost urtetan, hau da, populazioa epe horretan bikoizten bada, “inpaktu hori barneratzea oso zaila da”.
Hortaz, erabakigarria da arnasgunean berriaren eta lehendik dagoenaren artean oreka lortzeko denboran, gutxika-gutxika planifikatzea eta programatzea. “Horrek guztiak hizkuntzan eragiten du. Jardunaldian aurkeztu genuen adibidean, lehendik zegoen auzoan %100 zen euskalduna kale horretan, eta ondoan egin zuten urbanizazio berriagaz bikoiztu egin zen biztanleria, eta urbanizazio berri horretan %67 zen euskalduna. Bataz bestekoa %77an geratu zen. %70eko langara gerturatzean, udalerri euskalduna izango da, baina, agian, arnasgune izaera galdu dezake. Eta behin galduz gero, oso zaila da atzerantza egitea”.
Erdoziak azaldu zuen kaleak betetzen badituzte 2 m-ko hesia edo horma duten etxebizitzez, “kale hilak” geratzen direla. “Integrazioan eragin zuzena dauka”. Harremanak erraztuko dituzten espazioak sortzeak duen garrantzia nabarmendu zuten.