Ontziolaren auziak tirabirak sortu ditu berriro EAJren eta EH Bilduren artean
Justiziak ezeztatu egin du Bermeoko erdigunean dagoen ontziolaren jarduera lizentziaren gainean Astillero Toxikorik Ez plataformak aurkeztutako auzi errekurtsoa
Ontziolaren auzian Bermeoko Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ) eta EH Bildu bat datoz gauza bategaz: beira zuntzezko ontziak egiteko jarduera Bermeoko hirigunetik urrundu behar dela, herritarren osasuna eta segurtasuna bermatzeko. Hala ere, azken epai batengatik tirabirak sortu dira berriro bi alderdien artean. Izan ere, justiziak ezeztatu egin du Astillero Toxikorik Ez plataformak Bermeoko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2017ko apirilaren 12an hartutako erabakiaren aurka jarritako auzi errekurtsoa. Orduan udal gobernuan zegoen EH Bilduk Astilleros de Bermeo SL enpresari beira zuntzezko itsasontziak egin ahal izateko jarduera lizentzia eta pabilioia handitzeko obra lizentzia ematea erabaki zuen.
EH Bilduren arabera, sententziak “argi eta garbi” adierazten du Bermeoko Udalak indarrean zegoen legedia eta planteamendua betearaziz jardun zuela, eta udaleko eta Eusko Jaurlaritzako teknikarien aldeko txostenetan oinarritu zirela diote. Gaineratu dute baimena eman behar izan ziotela “nahitaez”, bestela, “prebarikazioa” izango zela. Beste alde batetik, gogora ekarri gura izan dute herritarren osasuna “lehentasuna” izanik, Jaurlaritzaren Osasun Sailari osasun txostena eskatu ziotela: “Bai Osasun Sailak eta baita Ingurumen Sailak ere, ontziolaren aldeko txostenak egin zituzten”.
Hortaz, “txosten guztiak aldekoak izanda eta legeak eskatzen zuena betetzen zuela ikusita”, herritarren plataformaren eskariari erantzuna emateko era bakarra ontziola beste leku batean kokatzea zela ikusi zutela diote. Azaldu dute horregatik Bermeoko Udalak “behin eta berriz” Jaurlaritzari eskatu ziola Plan Berezia aldatzea.
“Zorrotzagoak”. Gaur egun, Jaurlaritza Portuetako Plan Bereziaren 3. aldaketa izapidetzen ari dela gogorarazi dute, “ontziolari beste kokapen bat bilatzeko”. EH Bildurentzat albiste ona da, hainbat aldiz eskatu duten “irtenbide bakarra” delako.
Justiziak Astillero Toxikorik Ez plataformak jarritako helegitea atzera bota duen arren, EAJk uste du epaiak agerian uzten duela EH Bilduk “zorrotzagoa” izan behar zuela lizentzia ematerakoan «neurri zuzentzaileak eta kontrolekoak» eskatzerako orduan.
Jeltzaleek uste dute aurreko gobernu taldeak jarduera lizentzia defendatzeko “jarrera gogorra” erakutsi zuela, eta horren aurrean gogorarazi dute epaiak ez duela esaten “lizentzia ondo emanda dagoenik”. Diotenez, sententziak jasotzen du “jarduerak arazo larriak sortu ditzakeela herritarrentzat eta ingurunearentzat”. Horregatik, prozesu osoan oposizioko gainontzeko taldeek auzokideekin batera indarrak batu zituztela diote, “osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak eskatzeko”.
Oraindik, hala ere, jardueraren proiektuaren inguruan argitu barik dauden hainbat kontu daudela azaldu dute jeltzaleek: “Alegazioetan planteatu eta inoiz argitu ez ziren lizentziaren inguruko hainbat puntu daude argitzeko, ontziolaren gehienezko ekoizpen gaitasuna eta, ondorioz, biltegiratzeko gehieneko ahalmena, besteren artean”.
EAJren ustez, EH Bilduren jarrera prozesu osoan “oso permisiboa” izan da. Epaiak, gainera, EH Bilduk erabiltzen zuen beste argudio bat «bertan behera utzi» duela diote: “Eusko Jaurlaritzaren txosten teknikoak aukerazkoak direla dio epaiak eta ez lotesleak EH Bilduk esaten zuen moduan. Hortaz, EH Bilduk zorrotzagoa izan behar zuen jarduera gauzatzeko bermeen eskakizunagaz”.
Horregatik guztiagatik, EAJk jarduera hori hirigunetik urrundu behar dela defendatzen jarraitzen duela azaldu dute, Portuko Plan Bereziaren 3. aldaketaren proiektuan jasotzen den moduan. “Planaren aldaketak eskaintzen digun tresnan oinarrituta, lanean jarraituko dugu jarduera hori beste leku batera eroatea errealitate bihurtu dadin”.
Erabilera politikoa salatu. EH Bilduk jeltzaleen jokabidea salatu gura izan du: “Sententziaren interpretazio maltzurra egin dute, berriro ere gai honekin EH Bilduren kontra egiteko. Badakite gure egiteko modua zuzena eta bidezkoa izan zela eta sententziak hori argi adierazten duela”.
Gogorarazi gura dute 2009an EAJren udal gobernua izan zela beirazko zuntza eta olezko itsasontziak egiteko pabilioia eraikitzeko baimena eman zuena, jarduera baimena tramitatu aurretik: “Baimena EAJk eman, eta ondoren, EH Bildu gobernuan egonda, inolako eskrupulurik barik gai honen erabilera politikoa egin zuen EH Bilduren kontra joateko, eta are gehiago, herrian alarma eta ikara sortzeko. Gure ustez, denak ez du balio politikan”. Sententziak ontziolaren inguruan gauzak “argi uzten” dituelako pozik agertu dira EH Bilduko zinegotziak