"Garai konplexuetan erantzun konplexuak" emateari azpimarra
Arnasguneen garapenean oinarrituta, hizkuntza politiketan sakontzeko bideak zabaldu behar direla ondorioztatu dute ‘Lurraldea&Hizkuntza’ jardunaldietan.
Urtarrilaren 23an egin zuten Lurraldea& Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz jardunaldia, eta alor desberdinetako adituen ponentzien ostean, Gabiriko, Baztango eta Tolosako alkateekin mahai-ingurua egin zuten. Jardunaldi amaieran ondorioak atera zituzten.
Lehen saioa gaelikoari buruzkoa izan zen. University of the Highlands and Islandseko Conchur o Giollagain elkarrizketatu zuen Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Segituan, Joseba Garmendiak Lurraldea eta Hizkuntza. Lurgune euskaldunen garapena eskualde eskalan hitzaldia eman zuen. Iñaki Arregi bekaren irabazleaak garapen agentziei buruzko ikerketa lana aurkeztu zuen.
Ondorioen txanda heltzean, garai konplexuei erantzun konplexuak eman behar zaizkiela adierazi zuten: “Garai konplexuak bizi ditugu, eta geroz eta ageriago dago elkar lotutako eta inguruagaz elkar eragin etengabean bizi den gizarte baterantz goazela. Horrek, gure ustez, politika publikoetan hizkuntza normalizazioa zeharkakotasunez lantzea eskatzen du ezinbestean. Sozioekonomia, lurralde antolaketa, arkitektura… eta beste hainbat gai jada ezin dira planteatu ezagutza eta esparru iragazgaitz moduan, eta beharrezkoa da horietan guztietan hizkuntza normalizazioren begirada txertatzea”.
Horrek arlo horien garapenerako planteamenduak egitea “zailtzen” duela esan zuten, baina jada ezin daitekeela “ez ikusiarena egin”, ezta arlo horiek hizkuntza normalizazioan duten eragina baztertu ere. Horretarako, Irlandako Gaeltachten bilakaerak erakutsi bezala, aitatu zuten ezinbestekoa dela arnasguneetako kideek politika publiko horien definizioan parte hartzea eta euren ekarpenak aintzat hartzea, bai eta arnasguneetan “hizkuntza komunitate bizia eta kontzientziatua edo komunitate ahaldundua” egotea ere.
Azpimarratu zuten beharrezkoa dela politika publiko guztietan arnasguneen garapena aintzat hartzea. Politika horietan erator litezkeen esku hartzeen Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa aztertu eta horren arabera egokitze neurriak proposatzea baino, arnasguneen garapenaren ikuspegia hasiera beretik txertatuta egon beharko litzatekeela uste dute.
Prebentziotik garapenera
Hizkuntza politiketan, beraz, ondare ereduaren hizkuntza politikak baztertu eta biziberritze-ereduan eta arnasguneen garapenean oinarrituta hizkuntza politiketan sakontzeko bideak zabaldu beharko liratekeela ondorioztatu zuten: “Horrela, hizkuntza politikaren baliabide guztiak baliatu behar dira norabide horretan urratsak egiten joateko: plangintzak, araudiak eta gainerako baliabideak”.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Toki Erakundeen Legeak Eragin Linguistikoaren Ebaluazioak (ELE) egin beharra ezarri izana urrats garrantzitsutzat jo zuten arnasguneen prebentzioaren ikuspegitik. Azken bi jardunaldietan prebentziotik garapenerako jauzia eman beharra ezinbestekotzat jo zuten. Horretarako, ELE aplikatu ahala hainbat ikasgai eta irizpide jasotzen ari dira.
Babes juridikoa
Arnasguneen garapenari bermea eta babes juridikoa emango dion lege markoa garatzea beharrezkoa dela iritzi diote, eta horretarako, Irlandako aurrekaria baligarria dela uste dute. Haren onurak zein gabeziak ezagutu zituzten jardunaldian, eta “hutsuneak hutsune, tresna horren potentziala eta beharrezkotasuna” agerian jarri direlakoan daude.
Pandemiak hainbat gizarte-sektoreren “zaurgarritasuna eta interdependentzia inoiz baino ageriago” utzi dituela esan zuten: “Arnasguneei dagokienez, begi bistan dago hizkuntzaren normalizazio prozesuetan duten garrantziagaz batera, euren izaera zenbateraino den zaurgarria. Are gehiago, globalizazio prozesua azkartzen ari delarik, inguruagaz daukaten interdependentzia geroago eta sakonagoa den garaiotan”.
Egungo garraiobideek eta hedabideek mugikortasuna eta beste lekuekin edo sareagaz konexioa “izugarri erraztu eta areagotu” dutela azaldu zuten, eta horrek arnasguneetako eguneroko bizitzan “goitik beherako eragina” izan duela. Aldi berean, zehaztu zuten pandemiak erakutsi digula bertokoa edo gertukoa balioan jartzen, eta hiriguneen aldean, arnasguneetako “bizi moldeak bestelako aukerak” ematen dizkiela herritarrei: harremanak, gertuko komunitatea, laguntza sareak, ingurumenagaz harreman egokiak…