Lazo berdeak, Minbiziaren Aurkako Egunean
Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Egunean egin modura, lazoak utziko dituzte herriko farmazia eta dendetan. Oraingoan, lazoak arrosak barik, berdeak izango dira.
Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da bihar. Aurten, koronabirusagatik, Minbiziaren Aurkako Bermeoko Elkarteko kideek ezin dute kalera atera, beste urte batzuetan egin izan duten modura. Hala ere, Karmele Molano boluntarioaren esanetan, Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Egunean egin modura, lazoak utziko dituzte herriko farmazia eta dendetan. Oraingoan, lazoak arrosak barik, berdeak izango dira.
“Pena handiz”, baina, ezin dute kalera atera informazioa banatzen, ezta herritarrei lazoa paparrean jartzen ere. Bermeoko elkarteko boluntario denak adinekoak direla gogorarazi gura izan du Molanok; “ezin dute arriskuan jarri”.
Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunak ikusgaitasuna izateko, gainera, denda eta farmazietan kartelak jarri dituzte.
“Herritarrek jakin behar dute hemen jarraitzen dugula. Kalean ezer egiten ez badugu ere, boluntarioak laguntzeko prest gaude edozein momentutan. Minbiziaren Aurkako Elkarteak laguntza asko ematen ditu, eta gu informazioa emateko prest gaude”, esan du Molanok.
Boluntarioak agertzen diren bideo bat ere grabatu dute: “Herriko jendeari zuzendutako mezua zabaldu dugu, eta bertan eskerrak ematen ditugu”. Elkarteko kideek jakitera eman dutenez, Bizkaiko AECCren sare sozialetan argitaratuko dute bideoa bihar.