Ezusteko altxorrak, itsas hondoan
Bou Nabarra Urpekaritza Zentrokoek aingura litiko bat aurkitu berri dute Elantxoben. Ez da ohikoa halakoak topatzea, eta Bilboko Itsas Museoko arkeologoen esku utzi dute, horiek ikertu dezaten.
Piratak altxorren bila ibiltzen ei ziren hara eta hona, ozeanoen handitasunean abenturetan murgildurik. Urpekariek ere badakite zer den itsasoko fauna eta flora artean altxorrak aurkitzea. Ustekabean, itsasoaren hondoan dagoen mundu zabal horretan zabor eta hondakinen artean, askotariko objketuak pilatzen baitira. Tartean, itsas ondarearen parte diren benetako altxorrak.
Elantxobeko Bou Nabarra Urpekaritza Zentrokoek ezusteko ederra eduki zuten urtarrilaren erdialdera. Aingura litiko bat topatu zuten, hau da, antzinako harrizko aingura bat, arraingura bat. Hain zuzen ere, aingurak egiteko burdina eta metala erabili aurretik, harriagaz edo egurragaz egiten zituzten.
Bou Nabarrakoen aurkikuntza egiaztatu eta erregistratuta uzteko Bilboko Itsas Museoko arkeologoak egon ziren Elantxoben. Orain, horien esku dago ikerketa egiteko.
Karraspiokoa
Bizkaiko kostaldean aingura litikoak topatu dituzten bakarrenetakoak izatearen ohorea daukate Elantxobeko urpekaritza zentroko kideek. Izan ere, Gipuzkoan halako aurkikuntzen bilduma polita daukate, baina Bizkaian oso gutxi aurkitu dituzte.
2013an Mendexako Karraspio hondartzan topatu zuten aingura litiko bat, eta haren berdina da Elantxobekoa. Modelo klasikokoa da; hiru zulo ditu, goikoa borobila da eta beheko biak laukizuzenak dira.
Karraspiokoa da halako ezaugarriekin Bizkaian dokumentatuta dagoen bakarra, eta hari buruzko txostena egin zuten Bizkaiko Foru Aldundiaren peleoantropologiari buruzko Kobie argitalpenerako. Bertan azaltzen denez, “noizkoa den zehazteko ezin da data zehatzik eman, modelo hau Antzinarotik orain dela gutxira arte erabili zutelako Kantauri Itsasoko euskal uretan”.
Txosten horretan Urdaibaiko bokalean harrizko hainbat aingura aurkitu izan direla ere aitatzen da, “baina baliteke aingura litikoak ez izatea”.
Bestalde, Gipuzkoan dozena bat harrizko ainguratik gora dituzte dokumentatuta. Horiek Getariako, Pasaiako, Donostiako eta Hondarribiako portuetatik hurbil aurkitu zituzten, eta uste dute arrantzaleek erabiltzen zituztela. Esate baterako, 90eko hamarkadatik Donostiako badian aurkitutakoak, Santa Klara irlaren, Paseo Berriaren eta Klub Nautikoaren ingurukoak dira.
Gipuzkoako harrizko aingura horiek hiru motatakoak dira: arrankillak edo pikatxoak, arri-aztak eta zulo bat, bi edo hiru dituzten aingura litikoak.
Euskal Herriko itsas gaiei buruzko Itsas Memoria aldizkarian jasota dagoenaren arabera, Mutrikuko, Debako eta Orioko portuetan ere “arrantzaleek eta urpekariek aingura litikoak aurkitu izanaren susmoa” daukate, baina horietan egindako aurkikuntzarik “momentuz ez da ezagutara eman”.