Olatz Arrizabalaga: "Guk irabazi kolektiboari begira jarraitu behar dugu"
Antolakuntzak barikuan jakinarazi zuen Arrizabalaga-Agirre bikoteak barik Ruiz de Infante-Ruiz de Larramendi bikoteak jokatuko zuela finala.
Zapore gazi-gozoa utzi dio aurtengo Bizkaia Torneoak Olatz Arrizabalaga pilotariari. Kirol arloan, eurentzat txapelketa honek eduki duen garrantzia azpimarratu du, baina, finalaren atarian egondako polemikak eurei kalte egiten diela deritzo.
“Txapelketa honegaz kristoren aurrerapausoa eman zen emakumeen pilotan. Profesionala ez den zein pilotarik esan dezake pandemia garai batean jokatzen dabilela? Kontratuagaz gabiltza eta entrenatu ahal dugu. Astero facebooketik zuzenean eman dituzte gure partiduak. Uste dut aurrerapauso itzela izan dela emakumeen pilotarentzat, eta horrela ikusi behar dela”, adierazi du aurrelari gernikarrak.
Garai honetan, txapelketa hau egitea “garaipen kolektibo” bezala ulertu du: “Ematen du batzuei irabazi pertsonal edo indibiduala gehiago interesatu zaiela, irabazi kolektibo hori baino. Eurek ikusiko dute. Guk irabazi kolektiboari begira jarraitu behar dugu. Txapelketa honen garrantzitsuena ez zen nork irabazten zuen. Honekin, gure egutegi ofizialean jartzeko beste txapelketa bat lortu dugu, beste txapelketa garrantzitsu bat Master Cupaz aparte. Uste dut hori begiratu beharko zela irabazi moduan, eta ez irabazi indibidual hori”.
Sortutako polemikak “nesken pilotaren irudia apur bat zikindu” duelako pena apur bat daukala gaineratu du: “Azkenean pilotari buruz berba egin beharrean, arazo guzti honi buruz berba egin da, eta hori da guk nahi ez duguna. Guk gura duguna da jokatu, eta nesken pilotak ikusgaitasuna edukitzea. Hori zen txapelketa honen helburua, ikusgaitasuna edukitzea”.
Zalaparta. Bizkaia Torneoaren finala prestatzen aritu zen aurreko astean Olatz Arrizabalaga gernikarra. Atzo lehiatzekoak ziren, baina antolakuntzakoek barikuan jakitera eman zuten Arrizabalaga-Agirre bikotearen ordez, Ruiz de Infante-Ruiz de Larramendi bikoteak lehiatuko zuela finala. Arrizabalagak eguen gauean jaso zuen berria, eta finalerako hiru egunen faltan erabakia jakitea “pena handia” izan zela aitortu du, “batez ere egon den polemikagatik”.
Arrizabalaga eta Agirre erabakiagaz ez daude ados, eta “bertsio bakarra” entzun dutela uste dute: “Ez dira bi bertsioak entzun. Araudiaren lehen esaldian zehazten da, berdinketa badago, euren norgehigokaren tantoak hartuko direla kontuan, hau da, berdinketa dagoen bikoteen artean zeinek egin dituen tantu gehien, eta esaldi hori aintzat hartuta, ulertzen zen gu pasatzen ginela finalera. Baina, hurrengo esaldian jartzen du berdinketak jarraitzen badu, bikote gazteena pasatuko dela. Guk ulertu genuen lehenengo esaldian zehazten denagaz berdinketa ezin bada hautsi, bigarrena aplikatzen dela. Baina, besteek ez dute hori interpretatu”. Orain dela bi aste, berdinketa hirukoitza zegoela ikusita, araudiaren lehen esaldi horren arabera erabaki zuen antolakuntzak Arrizabalaga-Agirre bikotea finalera pasatzea, tanto gehiago eginda zituztelako. Uste dute araudia ez dela argia, eta eurek arrazoia daukatela pentsatzen segitzen dutela azpimarratu du pilotari gernikarrak. Antza denez, aurreko astean “presioak egon zirela” azaldu du, “eta komunikatu bat idatzi zela euren kexa leku askotara eramanez”.