Lehen itzuliko etxeko azken partiduan ere garaipena
Ohorezko B Mailaren 10. jardunaldian, Gernika Rugby Taldeak 16-7 irabazi dio Campus Universitario Ourense RC.
Hamar partidutik hamar garaipen. Ohorezko B Mailan menderaezin segitzen du Gernika Rugby Taldeak. 9. jardunaldian lidergoa eskuetan bueltatu ziren basurdeak Hernanitik, eta 10. jardunaldian, 16-7 irabazi diete Campus Universitario Ourense RCko galiziarrei.
A multzoaren sailkapenean, 47 puntugaz lehen postuan dago talde gernikarra, eta 43 puntu ditu Hernani bigarrenak.
Gernika-Lumoko eta Galiziako taldeek atzo jokatu zuten Urbietan. Ez zen neurketa erraza izan etxekoentzat. Hori aurreikusi zezaketen, izan ere, azken asteetan indarberritutako talde galiziarra aurreko jardunaldian garaipen zabala eskuratuta iritsi baitzen Gernikara. Gainera, berdegunean pilatutako urak jokoa zailagotu zien hainbat unetan bi taldeei. Hala ere, gernikarrek partidako une garrantzitsuetan izandako nagusitasuna baliatuz, markagailuan uneoro aurretik mantentzea lortu zuten.
Basurdeek partidua hasi eta minutu gutxira hartu zuten aurrea markagailuan. Peio Urrutiaren entseguagaz estreinatu zuten markagailua (5-0). Lehen zatian ez zen ia aldaketarik egon; jokoaren fase guztietan nagusi izan zen etxeko taldea. Hala, 40. minutua betetzeko zegoela, Siyabonga Masukuk bote-lasterreko ostiko on bat egitea lortu, eta 8-0eko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian zehar, lehen zatiko nagusitasuna mantendu zuten etxekoek. Talde galiziarra gutxitan gerturatu zen entsegu lerrora. Baina, gerturatzeeetako batean entsegua lortu zuen. Bigarren zatiaren hogei bat minutu igarota, Ourenseko Santiago Alonso jokalariak txartel horia ikusi zuen. Zelaian bat gehiago zirela heldu zen Gernikaren bigarren entsegua, Albertus De Bod-en eskutik. Handik minutu gutxira, Fagu Malloy basurdeari txartel horia atera zion epaileak, eta orduan egin zuten galiziarrek euren bigarren entsegua. Oscar Santorumek egin zuen (13-7). Arauzko denbora beteta zegoela, Siyabonga Masukuk zigor ostiko bat baliatu zuen markagailuko aldea handitzeko.
Bi aste barru, Iruñean. Asteburu honetan ez da neurketarik jokatuko Ohorezko B Mailan. Denboraldi erregularreko azken jardunaldia bi aste barru lehiatuko du Gernika Rugby Taldeak La Unicaren kontra, Nafarroako hiriburuan.