Ertzaintzak hanka bat hautsi duen ehiztari bat erreskatatu du Busturian
Segurtasun Sailak azaldu duenez, ez zen erraza izan gunera iristea, bidean zuhaitzak zeudelako jausita.
Atzo, goizeko hamaika eta erdiak aldera jaso zuen SOS-Deiakek ehiztari baten abisua. Busturiko San Bartolome auzoan jausi eta hanka hautsi zuela esan zien.
Zaurituaren kokapena lortu ondoren, SOS-Deiak zerbitzuak Osakidetzaren anbulantzia bat, Foru Aldundiko suhiltzaileen dotazio bat eta Ertzaintzaren patruila batzuk bidali zituen gunera.
Segurtasun Sailak azaldu duenez, ez zen erraza izan zauritua zegoen lekura iristea, “haizeagatik zuhaitzak zeuden jausita ehiztaria zegoen lekuraino iristen zen mendi-pistarako bidean”. Modu horretan, ordezko bide bat bilatu eta bide luzeagoa egin behar izan zuten harengana iristeko. Suhiltzaileek Bermeoko Herri Babesako boluntarioen laguntza ere izan zuten, “bidea arinago garbitzeko”.
Lau metroan behera jausita zegoen ehiztaria. Lekura iritsi zirenean, lehenbizi egonkortu egin zuten. Eskuineko hanka hautsita eta kolpe batzuk izateaz gain, hipotermia sintomak ere bazituela azaldu dute. Ondoren, anbulantziara eroan zuten larrialdietako zerbitzuek, eta anbulantziak Galdakaoko ospitalera eroan zuen.