Bermeon gaueko farmazia zerbitzua mantentzeko eskatu dute
Aipatu zerbitzua bermatzearen aldeko mozioa aurkeztu du EH Bilduk, eta aho batez onartu dute.
Azken egunetan herrian zabaldu da Bermeoko farmaziek ez dutela 00:00etatik 07:00etara gaueko farmazia zerbitzurik emango. Egoera “larria” dela iritzita, Bermeoko EH Bilduk aipatu zerbitzua bermatzearen aldeko mozioa aurkeztu du azken osoko bilkuran, eta aho batez onartu da EH Bilduren, Eusko Aldedi Jeltzalearen (EAJ) eta Guzanen aldeko botoekin.
Farmaziak interes publikoko osasun establezimendu pribatuak direla gogorarazi dute EH Bildukoek. Modu horretan, administrazio publikoa da farmazien zerbitzua arautzen duena, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, Osasun Saila, alegia.
Farmaziek emango duten pauso hori bermeotarrentzat «oso kaltegarria» dela uste dute: “Gauez, osasun arazoren bat baldin badaukagu, Gernika-Lumora joan beharko dugu. Han egongo da 24 orduko zerbitzua emango duen guardiako farmazia bakarra. Modu horretan ez litzateke medikamentuen eskuragarritasuna bermatuko, gaur egun legeak ezartzen duenaren arabera”. Diotenez, poblazio moduluak kontuan hartu behar dira, eta horren arabera kokatu guardiako farmazia.
Bermeoko Udalean dauden alderdi politiko guztiek aipatu egoera “elkarrekin” salatu behar dutela uste dute, eta horregatik aurkeztu dute mozioa. Era berean, eskatu dute zerbitzuak orain arte modura jarraitzeko. Bermeoko farmazia jabeei eskatu diete egoera horren aurrean Bermeoko herritarrei arreta egokia eskaintzeko, eta bertokoen bizi kalitatea ez kaltetzeko jarraitu dezatela orain arteko zerbitzua ematen.
“Osasuna beste edozeren gainetik zaindu eta babestu behar dugu, eta kasu horretan, kalitatezko zerbitzua bermatu behar dugu”, diote mozioan.
Alegazioak aurkeztuta. Bermeoko alkate Aritz Abaroak gogorarazi du 2019ko uztailean izan zutela Farmazialarien Elkargo Ofizialetik erabakiaren berri: “Idazki bat jaso genuen datuekin. Horien planteamendua zen Bermeoko farmaziak 00:00etan zarratzea eta 08:00etan zabaltzea, eta gaueko zerbitzua Gernika-Lumon eskaintzea. Horien arabera, gauetan ez zen jende asko hurbiltzen farmazietara, eta askotan, eskatzen zirenak ez zirela urgentziazkoak esaten zuten. Medikamentuen eskuragarritasuna bermatuta geratzen zela zioten”.
Udal gobernuak bermeotarrentzako “zerbitzu murrizketa baten modura” ikusi zuen, eta alegazioak aurkeztu zituzten. Alegazioen oinarria “sendoa” zela uste du: “Gauez ez dago garraio publikorik. Sarritan, gainera, adinekoak dira beharrizana daukatenak, eta horietako askok ez daukate ibilgailurik”. Beste alde batetik, alkateak gogorarazi du legeak esaten duela 15 minutuko tartean eduki behar dela medikumentuak eskuratzeko aukera. Era berean, Bermeoko anbulatorioan 24 orduko arreta zerbitzua ere eskaintzen dela aipatu du: “Osakidetzak zerbitzu hori eskainita, uste dugu garrantzitsua litzatekeela farmazia zerbitzua bermatuta egotea”. Adierazi du, hala ere, ez zekitela Bermeoko farmazialariek “begi onez” ikusten zutela Farmazialarien Elkargo Ofizialekoen erabakia.
Alegazioak onartu zizkietela esan du Abaroak; hasiera batean, hortaz, proposamena bertan behera geratu zen. 2020an, baina, proposamen bera jaso zuten, oraingoan Farmazialarien Elkargo Ofizialak eta Bermeoko farmazialariek bat eginda; “datuak erakutsita”.
Udal modura ez zuten erabakia ondo ikusi, eta berriro ere, alegazioak aurkeztu zituzten. Alegazioak aurkeztu arren, ikusi zuten posible zela proposamenagaz aurrera egitea. “Udalaren irizpideen aurka proposamena martxan jartzekoak baziren, probaldi bat beharrezkoa litzatekeela esan genien”. Hala ere, oraindik erantzunik ez dutela jaso esan du Abaroak.