Arrizabalaga eta Agirre laugarren sailkatu dira Bizkaia Torneoan
Pilotari gernikarrak esan du, "txapelketako euren partidurik onena" izan zela atzokoa, eta jokoari dagokionez, txapelketa "sentsazio onekin" amaitu dutela.
Bizkaia Torneoaren finala eta hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidua lehiatu zituzten atzo, Bilboko Bizkaia frontoian. Garaik eta M.Ruiz de Larramendik jantzi zuten txapela. 22-18 irabazi zieten Ruiz de Infante-Ruiz de Larramendiri.
Arrizabalaga eta Agirre laugarren sailkatu dira. Amaia Aldai eta Oihana Orbegozoren kontra 22-17 galdu zuten. Gernika-Lumoko pilotariaren berbetan, “txapelketako euren partidurik onena” izan zen atzokoa, eta jokoari dagokionez, txapelketa “sentsazio onekin” amaitu dutela azpimarratu du.
Lehia estua eduki zuten bi bikoteek; partidu parekatua izan zen. “Partidu oso polita eta gogorra izan zen. Batez ere lehenengo tantoetan oso berdinduta joan ginen. Bigarren zatian Naroak eta biok eskuak apur bat ahulago igarri genituen. Gero, eurek pare bat tanto sartu, eta aldea hartu zuten, eta hor joan zitzaigun partidua”.
Azken asteko gorabeherak albo batera utzita, “txapelketa nahikoa polita”· izan dela uste du gernikarrak: “Gure partidua eta finala bera oso politak izan ziren, jendeak gozatzekoak. Txapelketa hau pilota mistoagaz jokatu dugun lehen aldia izan da, eta ikusi da txapelketa honek etorkizuna daukala lanean jarraitzen baldin badugu”.