Eukaliptoen landaketa salatzeko horma-irudia egingo dute Busturian
Auzholan elkarteak U30 Aldaketaldia izeneko ekimenaren baitan egingo du horma-irudia, Axpe auzoan.
Busturiko Auzholan elkarteak eukaliptoen landaketa salatzeko horma-irudi bat margotuko du. Eguraldiak laguntzen baldin badu, bihar egingo dutela esan dute elkarteko kideek, eta Axpe auzoan hutsik dagoen errepide nagusiaren pareko horma bat aukeratu dute irudia egiteko.
U30 Aldaketaldia izeneko ekimenaren baitan egingo dute horma-irudia Auzholan elkartekoek. Ekimen horren bidez, urtarrilaren amaieran, eta bereziki bihar, ikuspegi lokalari protagonismoa emanez, mota guztietako jarduerak antolatu gura dira herri, auzo, eskola eta lantokietan, “jendarteak bizi duen larrialdi klimatiko, ekologiko eta sozial larria salatzeko”. Hainbat dira U30 Aldaketaldia prestatzen ari diren eragileak, eta horien baitan dago Auzholan ere.
“Agintari politikoek, orain krisi sanitarioaren aitzakian, eredu ekonomiko eta sozial jasanezinean sakondu eta krisia areagotzen jarraitzen duten honetan, beharrezkoa da norabide aldaketa sakona exijitu eta trantsizio ekologiko eta sozialki justu baten alde urratsak emango dituen jendartea aktibatu eta saretzea”, diote ekimeneko sustatzaileek.
Argi daukate bizitzaren aldeko norabide aldaketa hori ez dela gauzatuko horren alde egiten duen euskal gizarte aktibo eta saretua ez badago. Hori dela eta, proposatu dute urtarrilaren 30ean, edota aurreko zein ondorengo egunetan, “larrialdi ekosozialari lotutako salaketa eta aldarrikapen ekintzak egitea”.
Era berean, otsailaren 6an Zaldibarko zabortegia bertan behera erori zeneko urteurrena izango da, eta gogoratu gura dute oraindik ere Joaquin Beltran langilearen gorpuak milaka tona hondakinen artean lurperatuta jarraitzen duela.
Udalerriko “arazoa”. Lokala eta globala uztartzeko ekimena izatea gura dute. Busturian zer egin pentsatzen hasi zirenean, “herrian nabarmentzekoa zen arazoren baten bila” hasi ziren. Udalerriaren %60a mendialdea da, eta eukaliptoaren izurritea “gehiegizkoa” dela diote; gainera, pinuak euskaliptoengatik ordezkatzen jarraitzen dutela kritikatu dute.
Egoera honetan gauza handirik ezin denez egin, aipatu egoera salatzeko horma-irudia margotzea erabaki dute.