Bakea lortzeko, beste pauso bat
Urtarrilaren 22an Arma Nuklearrak Debekatzeko Ituna onartu eta indarrean sartu zen. Roland Ruisz Pforzheimeko artista eta txirrindulariak artea eta bizikleta lotuz, akordioaren garrantzia azpimarratu zuen.
Bakearen aldeko beste aurrera pauso bat eman zen duela astebete Nazio Batuen Erakundean. 2021eko urtarrilaren 22a historian markatzeko egun horietakoa bilakatu da, izan ere, Arma Nuklearrak Debekatzeko Ituna onartu eta indarrean sartu zen.
2017ko uztailaren 7an nazioarteko 135 herrialdek eta gizarte zibileko hainbat kidek akordio garrantzitsu bat onartu zuten arma nuklearrak debekatzeko, eta gaur zortzi sartu zen indarrean. Ituna onartu aurretik, arma nuklearrak ziren debeku integral baten menpe ez zeuden suntsipen handiko arma bakarrak. Akordio berriak, baina, debekatzen du horiek “garatzea, probatzea, ekoiztea, fabrikatzea, transferitzea, edukitzea, biltegiratzea, erabiltzea edo horiekin mehatxatzea”. Era berean, jarduera horietako batean parte hartzea debekatzen du.
Orain dela urte batzuk “ezinezkoa” zela horrelako itun bat onartzea adierazi dute Gernika Gogoratuzeko kideek, baina, lortu da eta “pozik” daude: “Herrialde boteretsuenak ziren agintzen zutenak. Gerra hotzaren garaian ez zen posible arma nuklearrei ezetz esatea, baina orain egoera aldatu da, eta arma nuklearrak ez dituzten herrialdeak batu egin dira, eta lortu dute. 100 herrik baino gehiagok sinatu behar zuten ituna indarrean sartzeko, eta gertatu da. Nazioarteko ospakizuna da”.
Itunaren ondorioz, arma nuklearrak dituzten herrialdeei zailagoa izango zaiela arma horiek justifikatzea uste dute elkartekoek. Itunaren helburua hori zen: nazioarteko hainbat herrialdek ituna berrestea, eta arma nuklearren hedapena murriztea. Hala ere, azken helburua arma nuklearrak “betiko kentzea” dela azpimarratu dute: “Hori lortzeko bidea luzea da oraindik, baina bide horretan beste pauso bat eman dugu. Pausoz pauso joan behar gara”.
Artea eta bizikleta. Akordioa indarrean sartu berritan, Roland Ruisz Pforzheimeko artista eta txirrindulariak bizikleta hartu eta artea jorratuz, bakearen aldeko ekintza bat egin zuen. Bizikleta gainean, Pforzheim inguruan dagoen Karlsruhe ikerketa zentro nuklearrera joan zen, eta zuhaitz koloretsu bat margotu zuen bertan. “Berak zentro horretan ikerketa lan bat egin zuen bere garaian. Eta zentro nuklearren kontra egiteko arbola margoztu zuen han”, azaldu du. Izan ere, inguru horretan hazten direnak txikiak izaten dira, baina sekuoia handi bat dago. Sekuoia hori arma nuklearren kontrako mugimenduagaz lotu gura izan du.
Roland Ruiszekin harreman “ona” du Gernika Gogoratuzeko eta Ciclista Gernikesako taldekideekin. Izan ere, 1988an udalerrian egon zen. Garai haretan, udalerri bietako agintariak anaitze akordioa prestatzen ari ziren Pforzheim eta Gernikaren adiskidetza bultzatzeko, eta Pforzheim-Gernika ibilbidea bizikletan egin zuten Pforzheimgo txirrinduzaleetako bat zen bera. Ekintzan parte hartu zuten Gernikesakoek, eta Gernika Gogoratuzek.
2009an, bi herrien artean dauden 1.519 kilometroak bizikletaz egin zituzten berriro, bi udalerrien arteko senidetze agiria sinatu zenetik hogeigarren urteurrena ospatzeko. Aurten ere, bakearen aldeko ekintzak batu ditu.