Udalak sustatutako lau etxebizitza tasatu egingo dituzte Muruetan
Goierria auzoko AD6 lursailean eraikiko diren etxebizitzak kooperatiba modura eraikiko direla azaldu dute. Otsailaren 19ra arte aurkeztu daitezke eskaerak.
Muruetako Udalak etxebizitza berrien promoziorako deialdia zabaltzea onartu du azkenengo osoko bilkuran. Azaldu dutenez, Goierria auzoko AD6 lursailean eraikiko dituzte etxebizitzak. Udal arduradunek jakitera eman dutenez, prezio tasatuko lau etxebizitza eraikiko dituzte, kooperatiba modura.
Modu horretan, prezio tasatuko etxebizitza bat eskuratzeko eskubidea duen kooperatibista bazkide izan gura duten horientzako deialdia zabaldu dute. Etxebizitzek garajea eta trastelekua edukiko dituzte, “eranskin banaezin modura”.
Interesa daukaten herritarrek datorren otsailaren 19ko (barikua) 14:00ak arte aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak udal bulegoetan.
Herritarrek lehentasuna. Herrian erroldatutakoek lehentasuna edukiko dutela jakitera eman dute; herrian erroldatutako urte kopuruak, gainera, puntuazioan eragina edukiko du; zenbat eta urte gehiago, puntu gehiago. Era berean, etxebizitzetako baten esleipedun izateko, bazkide kooperatibista izateko proposamena egiteko, eskatzaileek zenbait baldintza bete beharko dituzte: adinez nagusia izatea edo adingabe emantzipatua izatea, etxebizitza premia izatea eta etxebizitzarik jabetzan ez edukitzea eta gehienezko diru sarrerak.
Jakinarazi dutenez, onartutako eskatzaile kopurua sustatu beharreko etxebizitzen kopurua baino handiagoa balitz, itxaron zerrenda bat sortuko lukete. Horretan, “lortutako puntuaziorik altuenak” emango lioke hurrenkera.
Hautatutako pertsonen zerrendak udaletxeko iragarki taulan argitaratuko dituzte. Gura duenak, hala ere, modu telematikoan ere kontsultatzeko aukera edukiko du.
Eskaerarik ez balego eta itxaron zerrenda agortuko balitz, Muruetako Udalak horiek esleitzeko baldintza berriak ezarriko lituzke.