Elantxobe eta Gautegiz Arteaga gune gorrian sartu dira, eta Ajangiz eta Mundaka atera
Busturialdeko zazpi udalerri daude gune gorrian: Bermeo, Elantxobe, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika, Kortezubi eta Muxika.
Gaur gaurkoz Busturialdeko zazpi udalerri hauek daude gune gorrian: Bermeo, Elantxobe, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika, Kortezubi eta Muxika. Gautegiz Arteaga eta Elantxobe gaur sartu dira, beraz, bihartik aurrera ostalaritzako establezimenduak itxita egongo dira gune gorritik atera arte.
Ajangiz eta Mundaka, ostera, gune gorritik irten dira gaur. Azken zazpi egunetan positibo bakarra egon da Ajangizen, eta bi egon dira Mundakan.
Osasun Sailak gaur argitaratutako txostenaren arabera, Busturialdean 24 positibo zenbatu zituzten atzo: 12 Bermeon, 8 Gernika-Lumon, 2 Foruan eta bana Busturian eta Muxikan.
Gernika-Lumok 1219,66ko intzidentzia tasa dauka, eta Bermeok 845,65ekoa. Azken zazpi egunetan 86 positibo zenbatu dituzte Gernikan-Lumon, eta Bermeon, ostera, 80 positibo.
Gune gorrian dauden eskualdeko 5.000 biztanle baino gutxiagoko bost udalerriei dagokienez, azken zazpi egunetan zazpi positibo egon dira Kortezubin, bosna Gautegiz Arteagan eta Foruan, lau Muxikan eta hiru Elantxoben.
5.000 biztanle baino gutxiago dituzte herrien kasuan, irizpide hauek hartzen dituzte kontuan gune gorrian sartzeko:
- Azken 14 egunotan COVID-19aren kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua udalerrian 500ekoa edo handiagoa izatea 100.000 biztanleko.
- Azken 14 egunotan COVID-19aren kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua udalerriari dagokion oinarrizko osasun-eremuan 500ekoa edo handiagoa izatea 100.000 biztanleko.
- Udalerrian COVID-19aren kasu positiboen kopurua azken 7 egunetan 2 baino gehiago izatea.
Datu orokorrak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuei dagokienez, atzo, 15.498 test diagnostiko egin zituzten, eta, horietatik, 1.273 positiboak izan ziren: 186 Araban, 730 Bizkaian, 342 Gipuzkoan eta 15 autonomia erkidegotik kanpo bizi diren pertsonetan. Hain zuzen, positibotasun tasa puntu bat baino gehiago igo da, % 8,2raino.
Ospitaleen egoera dela eta, COVIDaren ondorioz 94 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta COVIDa duten 137 pertsona zeuden ZIUn.